Iruñeko Udalak dirulaguntzetarako deialdia ebatzi du, Iruñeko kirol-entitateei zuzenduta, 2018 - 2019ko denboraldian nazioko elite-lehiaketa ofizial ez-profesionaletan maila absolutuan parte-hartzeagatik laguntzak emateko. 436.000 euro banatu ditu 23 klubetako 19 kirol-modalitatetako 48 talderen artean.

Deialdia bi laguntza-ildotan banatzen da. Alde batetik, kirol batean nazioko maila gorenean jardun eta 650.000 eurotik gorako aurrekontua duten taldeen artean 180.000 euro banatu dira. Laguntza-ildo horren barruan daude Xota Kirol Klubeko gizonezkoen areto-futboleko lehen maila eta Anaitasuna KKAEko gizonezkoen eskubaloiko Ohorezko maila. Biei ala biei 90.000 euroko dirulaguntza eman zaie. Bestetik, gainerako taldeen artean geratzen diren 256.000 euroak banatzen dira. Taldeek ezin izanen dute, inolaz ere, aurkeztutako gastu-aurrekontuaren % 20 baino gehiago jaso, muga batzuekin bat, zer nazio-mailan aritu eta horren arabera.

Zehazki, dirulaguntza eman zaie zortzi patinaje talderi; esgrimako eta pelotako bosti; areto-futboleko eta futboleko hiruri; eskubaloi, igeriketa hegatsekin, tenis, saskibaloi, hockey, triatloi, waterpolo, piraguismo, atletismo eta padeleko bina talderi; eta beisbol, judo, mahai-tenis eta gimnastika erritmikoko talde banari. Dirulaguntza horien helburua da lehiaketa horietan aritzen diren talde zein kirolarien parte-hartzea laguntzea, Iruñeko izena eta irudia sustatzen dutelako, kirola ikusarazteko eta hirian eragin ekonomiko zein turistikoa dutelako.

Dirulaguntzaren zenbatekoa honako gastu hauetara bideratu daiteke: lehiaketan izena ematea, lizentziak, Federazioko hainbat kuota eta arbitrajeak; kirol-instalazioen alokairua; joan-etorrietan ostatu hartzeak eta mantenuak eta joan-etorriek beraiek eragindako gastuak; kirolari dagozkion kirol-material suntsigarriak, kirol-jantzia eta botikina; kirol-entitatearen kudeaketa eta administrazioa; eta teknikari (entrenatzaile, ordezkari eta fisioterapeuta -halakorik balitz-) zein jokalariendako ordainsariak. Lehiaketak 2018ko irailaren 1etik 2019ko abuztuaren 31ra arteko kirol-denboraldian garatu behar ziren. Urteko kirol-denboraldia duten kiroletarako diruz lagundu dira 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldian egindakoak.