artxoaren hasmentak "normaltasun" pixka bat ekarri du elurrik gabeko negu idor eta bero honetara. Eguzkiaren eraginez, aurten, Arga bazterreko sahatsak otsailaren laugarren asterako hasi ziren hostatzen eta soropiletako belarra ederki hazten. Zazpi eguneko euri oparoaren ondotik, etzitik aitzina are gehiago hostatuko dira zuhaitzak, eta are gehiago haziko belarrak, euri ondoko eguzki ederra izanen baitugu hiruzpalau egunez. Lorazainak hasiak dira belar-moztekoak zorrozten eta sarri ikusiko ditugu belardietan lanean. Gure hirian beti erran izan da Basotxoko indigaztainondo berezi batek iragartzen zuela udaberria; gainerako zuhaitzak baino hamabortz egun lehenago hostatzen omen bai-tzen. San Joseren zuhaitz ttipia erraten zitzaion eta, urte batez, 1945eko otsailaren 25ean hasi omen zitzaizkion hostoak ager-tzen. Ba, aurten, nago ez ote diren sahats batzuk lehenago hasi hostatzen. Dena den, otsailean karrikan ibiltzeko eguraldi arras aproposa eginik ere, albiste izan da udal aginte taldeak kaleko ekitaldi aunitz galarazi izana, eskoletako inaute giroko karrikadantzak, gehienbat. Baina bertzelakoak ere debekatu ditu, Alde Zaharra ekitaldiz josirik dagoelakoan. Egia da hirian antolatzen diren kale ekitaldi gehienek Alde Zaharra dutela jomuga, antolatzaileak bertakoak ez izanik ere. Antolatzaileei (baita herri erakundeei ere) atzendu omen zaie garai bateko aldarrikapena: "ekitaldiak auzoz auzo banatu behar dira, auzoak ez hiltzeko, auzo giroa suspertzeko". Baina bistan da udal agintariak neurrigabe ari direla gauzak debekatzen, baita Alde Zaharreko bertako jendeak egunez egiteko antolatutakoak ere, dela kalejira, dela zernahi (Gaztelulekuri ere iritsi zaio debekua). Artetik errateko, inor ez bide da oroitzen Iruñean kalejirari karrikadantza erraten zaiola, baita erdaraz mintzatzean ere.