raganaren puska bat galtzen zaigu txikitatik ezagutu dugun zerbait desagertzen denean. Beti egon da hor eta, halako batean, ez dago. Denboraren joana gupidagabea izaten baita eta argi dago orok ez duela irauten. Konparaziora, lekutan daude haurtzaroko denda gehienak eta auskalo non dendariak; non, ikaztegia, eta non, ikatz garraioan zebiltzan ikazketariak; non, esne-denda, eta non, esneketaria; non, zapata-konpontzaile euskaldun hura, eta non, dendariz betetako arropa-denda handiak; non, ile-apaindegia, eta non, ile-apaintzaile mutu hura; non, animalien larruak saltzeko denda. Sail luzea da. Ia oro aldatu baita eta gutxi batzuek baizik ez diraute: Lopez drogeriak, Arrasate okindegiak, Murillo ardo-dendak, Zapateriako Donezar gozotegiak... Orain, Café Roch-enak egin du edota hemendik aitzina ez da izanen orain arte ezagutu dugun bezala. Horrelako leku gogoangarrietako atea betiko ixten denean, bizipenak montioka etortzen zaizkigu gogora eta kronika aunitz plazaratzen da. Halaxe gertatu zen, adibidez, Udaletxe plazako Ciga oihal-denda ospetsua itxi zelarik. Gutxi aipatu zen, ordea, denda hartako erakusleihoan aspaldi-aspalditik idatzirik zegoen esaldi xume bezain goxo hura, bihotz-altxagarria: "Euskaraz mintzatzen da". Orain ere, arrazoi hau edo hura dela medio, Roch kafetegiaren balioez gauza franko aipatu diren honetan, bertzelako kontuak etortzen zaizkit niri gogora, hura Arturo Campion euskaltegiko "kanpo-ikasgela" izan zen heinean, luzaroan toki ezin aproposagoa izan baitzen ikasgela barnean ikasitakoak praktikatzeko, mintzamena lantzeko eta harremanak euskaraz egiteko. Ikasleak hantxe ausartzen baitziren lehen aldiz "kaixo, bi zurito, beltz bat eta hiru piper-pintxo" eskatzera. Horrenbestez, bere ttipian, euskal txoko bat, mende erdia bete duen euskaltegiko irakasle eta milaka ikasleren ahotik.