sasun zentroetan ia urtebete daramate arnasarik hartu ezinik: neke fisikoa, psikologikoa, ziurgabetasunaren zama gaitza, lehen lerrokoen auto-isolamendua, herritar askoren jokaera arduragabeen konstatazioak eragindako ernegua, hainbat erabakirekiko desadostasuna, azken asteotako bilakaera makurrak eragindako presio erantsia...

Gure anbulatorio eta ospitaleetan diharduten beharginek inoiz irudikatu gabeko muturreraino eraman behar izan dituzte konpromisoa eta zerbitzurako bokazioa. Isildu ziren zortzietako esku-zartak, lausotu zen haienganako esker ona. Txalo zaparradak baino nahiago izango dute, hain segur, gutariko bakoitzaren erantzukizun pertsonal eta soziala, baina ardurak eskatzeko errazagoak dira hartzeko baino. Zertarako egin bost minutuko gogoetarik "agintari ustelak!" oihu egiteko bi segundo aski izanik?

Kanpoko so-egileontzat ez da hain erraza lerroak bereiztea; izango dira arrisku handiko lanpostuak, nahiz eta, teorian, gaixo bakoitza zentimetro gutxira arta-tzen duten medikuak izan ez, nahiz eta ustez lehen lerroan egon ez. Guk ez bereiztea normala da, baina informazio hori izanik zegokien ardura behar bezala bete ez duen jendea bistaratzen ari da. Osakidetzak, bistan denez, ez du behar bezalako kontrolik ezarri; Basurtu eta Santa Marinako zuzendariek, agidanean, protokoloei kasu zipitzik ez diete egin; ez dirudi vending enpresako beharginek arrisku bizirik dutenik; ez dakit nik ospitaleetan gaixoei bizitzen edo hiltzen laguntzen dien apaiza zein lerrotakoa kontsideratu behar den; ez dakit zenbateraino den arriskutsu txertoa onartu duten sindikalisten lana.

Baina azken hauen artean badira kargu-hartzaile zorrotzak, salatari gogorrak, erantzukizun-eskatzaile gupidagabeak... lerroak eta ilarak hankapean hartu dituena bere kuadrillakoa ez den bitartean.