uela hamar egun A Coruñan izan zen 24 urteko mutil baten erailketak haserre orokorra eta bizia piztu du Espainan zehar. Edo ez hainbeste noren eta nolakoaren arabera...

Ez dakigu oraindik -nik behintzat ez dakit- Samuel Luiz Muñiz -hauxe da mutilaren izena- ikaragarrizko eraso baten ondorioz hil zen edota horren atzean motibazino homofoboren bat ere bazegoen, delitu-mota eta bere zigorra larriagotu dezakeena Zigor Kodearen arauenez. Baina bai dakidana, denok dakiguna, zera da: dagoeneko ez dio axola erasoa nola hasi zen zeren eta minutu gutxi eta 150 metro geroxago, talde kriminal batek maricón-irainen artean lintxatu zuen Samuel eta, bortizki ostikaturik erasoa saihesteko inolako aukerarik gabe, hil egin zen. Dirudienez, erasotsailen lehen iraina entzuterakoan, ¿Maricón de qué? ausarta eta aske erantzun zien Samuelek, bere erailketaren nagusien izaera homofoba beste guztion begien bistan utziz: hiltzen zaituzten bitartean behin eta berriz maricón deitzen badizute, nola ez defendatzen erasoa eta homofobia elkarrekin doazenik, bat eginez. Espero dut egia judizialak ere hala adieraziko duela. Ikusiko...

Azkenaldia dagoeneko ikusten ari garena da, ordea, VOX-aren diskurtso politikoaren hedapenarekin bat datorren mota honetako erasoak areagotu egin direla eta horren aurka borrokatzen ez badugu konplize bihurtzen garela. Politikagintzan oraindik are gehiago. Asko daki honetaz Partidu Popularrak.

PPko europarlamentariek -bat izan ezik- joan den ostegunean izan zen Europako Parlamentuko Osoko Bilkuran, Viktor Orban Hungariako Presidentearen politika homofoboa eta martxan jarri duen LGTBI pertsonen aurkako Legea kondenatzeari uko egin zuten. Eta egun berean, A Coruñako biktimaren izena nahita ez aipatzearekin, gauza bera egin zuen Madrilgo Legebiltzarrean Díaz Ayuso Presidenteak: homofobia zuritzea.

Galdera bar daukat: Maricón beharrean españolazo de mierda oihukatuz hil arte jipoitu izan balute Samuel Luis Muñiz, PP-ren jarrera berdina izango zatekeen? Zalantarik... EZ.