gunotan Estrasburgotik datoz albisteak. Giza Eskubideen Europako Auzitegia bertan dago, eta hainbat herrialdetako justizia desagertzen edota modu gruteskoan aplikatzen denean, norbanakoek edota auziperatuek hara jotzen dute justizia hori kutsadura ideologiko guztietatik salbu egongo delakoan. Altsasuko liskarrean erruduntzat hartu zituzten gazteek Estrasburgoko Auzitegira jo zuten argudiatuz guztiok jarraitu ahal genuen epaiketan urraketa dezente eman zirela, eta ondorioz, ez zela bidezkoa izan. Lehenago, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak izan zitezkeen eskubide urraketak ez zituela ikertuko esan zuen, eta orduan, gazteen defentsak Europa jarri zuen jomugan.

Bada, hain logikoa zirudienak ez du jarraipenik izan, eta hango Giza Eskubideen Auzitegiak ez du kontuan hartu egindako eskakizuna. Neurriz kanpoko zigorrak eta inpartzialtasun eza ez dira hango auzitegiarentzat nahikoak izan.

Espainiako justiziak onarturiko irregulartasun haiek lotsagarriak izan ziren begi ororen aurrean, baina Europako justiziak ez du modu berean hartu eta onartu.

Baina, nolakoak diren gauzak; batean kale, bestean bale. Estrasburgoko Auzitegiak berak Espainiako Estatua zigortu du beste behin (zenbat aldiz izan da zigortua?) preso inkomunikatu bati konfiantzazko abokatua eskuratzeko ez onartzeagatik. Beste askotan, euskal preso askok salatutako torturak ez ikertzeagatik estatu bera zigortua izan da.

Badirudi kalteak, babesgabetasunak, edota eskubide urraketak neurtzeko neurri bikoitza erabiltzen dutela handik.

Estrasburgok zigorrak banatzen ditu tai gabe, eta ez dakit zertarako balio duten, askotan zigorketa horiek ez dute bestelako garrantzirik hartzen, eta ordain ekonomikoetan disolbatzen dira. Joan den urtearen hondarrean beste herrialde bat zigortu zuen, Turkia. Kasu horretan, duela urte batzuk agitu zen estatu kolpe saiakera hargatik, eta ereduzko gaztigua emateko asmoz, makina bat epaile eta fiskal preso hartu ziren Erdogan Turkiako presidentearen aginduz. Askotan konparatzen dira Espainia eta Turkia, zergatik ote?