Hilabete hauetan eleaniztun dabil Euskal Herria. Egun berean dozenatik gora hizkuntza entzutea ez da harriagarria. Hirugarren zutabera dakardan mintegiaren izenburuak bi berba lotzen ditu, euskara eta eleaniztasuna, euskara ardatz duen hizkuntzarteko elkarbizitzarako ezinbestekoak biak.

Hezkuntzaren eduki formalez gaindi euskararen bidelagun demokratikoen artean beharko lukeen Cervantes Institutuak dio Espainiako estatuak duen hizkuntzaREN ordezkaria bera dela. Alperrik da eleaniztasuna txalotzea, jarduna aurkakoa denean.

Honaino helduta, non gauden eta norantz goazen da gaia. Egindakoaz badira lorpenak. Euskara haur eta gazteen artean entzuten da; guraso euskaldunok, oraintsu euskaldunduek ere, euskara trasmititzen diegu seme-alabei; eskola eta etxea izanik harreman-eremu nagusiak, kaleetan ere ugaltzen doa. Baieztapenok zutabe hau gainditzen duten xehetasunak dituzte, norbere hausnarketarako egokiak. Aurrera begira, hona erronka batzuk: ikastetxe giroko jarduera, kirol, aisialdi edota lan-harremanetan euskararen erabilera normaltzeko aukerak eskaintzea.

Demografikoki gazteak gutxi dira. Halere, euskara gaztetu izana berri ona da. Aipatu bidetik lortzear dugu, esaterako, batxilergo, lanbide heziketa eta unibertsitate mailako ikasketei lotutako praktika dualak euskaraz garatzeko urratsak ematea.

Euskararen etorkizunak belaunaldi gazteak berekin ditu. Eurekin eta euren arteko harremanak estutzea komeni da denok baitugu elkarrengandik ikasteko. Adibidez, ia hizkuntza guztietan gertatzen da lagunartean zein sare sozialetan hizkuntza-eredu ez formalei ihes egin eta txokokerietara jotzen dela modernoena baita. Ez ginen egun gauden tokian egongo eredu batua izan ez balitz, baina euskara biziberritzeko ezinbestekoak diren eredu eta hizkera ez-formalek ere berariazko lekua dute, eta behar dute, hizkuntzaren barne-arau bizi bezain zabaletan. Hemen ere errealismoa eta baikortasuna ditugu lagun banaezinak.