Hain aldakor eta desegonkor den bizitza honetan, zerrendak egiteak segurtasuna ematen digu, eta esango nuke irailean, ikasturtea hastear dagoenean, areagotu egiten dela behar hori. Ikasturte berriak eragiten digun ziurgabetasunaren aurrean, gure desioak idazten ditugu zerrenda batean, gure asmo on guztiak, horrela betegarriagoak balira bezala. Eta pentsatzen ari naiz, azken batean, honelako zerrenda bat egitea otoitz egitea bezalakoa dela. Hor eskatzen dizkiogu, ez dakit ziur nori, nahi ditugunak, fededunak bere jainkoari eskatzen dizkion bezala.

Bizitzaren kaosa ordenatzeko ere balio digute askotan, baita gauzak gogoratzeko ere. Beste askotan, egiteko guztiak idatzita uztean, aukera zerrendek aukera ematen digute eginbehar haietako bakar batean lasai zentratzen, besteak ahaztuko ez ditugula behin ziurtatuta.

Zerrendak era askotarikoak izan daitezke. Erosketen zerrenda, irakurri nahi ditugun liburuen zerrenda, bisitatu nahi ditugun herrialdeena… Eta baita bitxiagoak ere. Nire lagun batek “Auzo lotsa eragiten duten tabernen izenen zerrenda” dauka idatzita bere mugikorreko oharretan eta berarekin izen hauek errepasatu arte ez naiz konturatu zein barregarri izan daitezkeen batzuk.

Azkenaldian irakurri dudan zerrenda ederrenetakoa, baina, bi emakumeren arteko maitasun hitzarmen bat da. Lilly Wust eta Felice Schragenheim-en artekoa. Erica Fischerren “Aimée & Jaguar” liburuan kontatzen da haien bizitza, baita youtuberren ikusi daitekeen “Love Story Berlin 1942” dokumentalean eta haien bizitzan oinarrituta egin zen “Aime eta Jaguar” pelikulan ere. Bigarren Mundu gerran, emakume judutar baten eta SStako oficial nazi batekin ezkondutako emakume baten arteko maitasun istorioa da. Felicek hamar puntutako zerrenda bat idatzi zuen eta “maitasun hitzarmena” deitu zion. Lehen puntua da: “Beti maiteko zaitut”. Izan ere, bizitza desegonkor eta aldakorra baldin bada, zer esan maitasunari buruz. Gure nahiak zerrendatu ditzakegu, baina ondo dakigu ez dagoela maitasunik zerrenda batean kabitu daitekeenik.