Egungo gizarte-bizitzaren marka da ziurgabetasuna. Eta klase politikoa deritzona astintzeko joera nagusitzen joaten da horrelakoetan; erantzunkizunik eza egozten zaie kide zein talde denei. Niretzako daukat, halere, erakundeetan ardura politikoak dituzten gizon-emakumeek, batez ere agintea dutenek baina baita oposizioan daudenek ere, zama astuna dutela egoera zail honi irtenbideak bilatzen. Horrek ez die kentzen, seguru nago, zerbitzu publikorako grina eta adorea, bestela ezingo lukete-eta aurrera egin.

Aurrekontu publikoak egin orduan testuingurua ondo aztertu behar da, are gehiago gaurko egoeran. Inflazioaren arrazoiak ekonomikoak baino gehiago geopolitikoak direnean Europako Banku Zentralak interesak igotzeko hartu duen erabakiaren ondorioek ez dute itxura onik; enpleguak –kantitateak zein kalitateak– eta pertsona zein kolektibo zaurgarriek konpromisu eraginkorrak eskatzen jarraitzen dute; Euskadin daukagun industria-ehunak eraldaketa hasi baino ez du egin, bidea erakusten duelarik Europar Batasunak emandako Bikaintasun-Polo izendapena merezi izateko egindako bideak. Bistan da aurpegi anitzeko krisi honen erantzuna ez dela paralisia, mugimendua baizik. Eta estropada honetan bakoitzak geure arrauna dugu, bakoitzk bere mailako erantzunkizuna.

Aurrekontu publikoen proiektuak mahai gainean daude. Eusko Jaurlaritzarenak ezagutu berri ditugu eta badatoz gainerako erakundeenak ere.

Bi ardatz nabarmen ezagutu ditut Eusko Jaurlari-tzaren proiektuan. Batetik, gizarte-ongizatearen oinarri diren diren osasunak eta hezkuntzak duten tamaina. Bestetik, berrikuntza indartu asmoz, ikerketa eta garapenerako inbertsio publikoaren ugalpena.

Badira, gainera, ardatzot trentzatzen dituzten zeharkako eremuak. Aipagarrienak agian, genero-berdintasuna, gazteen ahalduntzea, lehen sektorea eta trantsizio energetikoa.

Asmoak zenbakietan jarri ditu egileak. Oposizioaren lana da aztertu eta erabakitzea, jakinda nazio erronkek nazio estrategia daramatela, naziogintza alegia, estaturik ez arren.