Espero izatekoa zen. Ez hain agudo, dena dela. Nork zioen ekintzailetza eta enpresa sena aienatzen ari zela gure artetik? Elastikoak, izerditzekoak, lepokoak, eskumuturrekoak, belarritakoak, pastelak… Luze gabe, bideo jokoak, goxokiak eta kuleroak. Kondoiak ere, agian. Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren albisteak eztanda egin eta 24 ordu gabe, industria oso bat abiatua zen deskubrimenduari etekina ateratzeko prest. Hartaraino izaki kobre xafla apal baten gainean esku ezezagun batzuek duela 2100 urte irarritako lau lerroen agerpenak piztu digun zirrara. Arrazoi aunitzengatik -ez denak bozkariozkoak- gogoan gordetzeko modukoa gertatzen ari zen 2022 hau. Euskaldunok bertze motibo bat badugu orain, pozgarria, gainera, urte honetaz ederki oroitzeko. Lakidaingo basaburuko piezaren errepika ttiki edo handia soinean edo bertzelako gorputz ataletan luzituz -baita urdaileraino irentsiz ere- gure poza aldarrikatzen ahalko dugu eta euskarafaboen mina bidenabar areagotuko (zertarako dira garaipenak kontrarioari muturreratzeko ez badira?). Bide batez, lagunduko dugu diruz beti motz dabilen euskalgintzaren proiekturen baten zuloak berdintzen. Aldi berean partikularren baten patrika gizentzen bada, ez gara harrika hasiko. Guztiona da arbasoek utzi ziguten ondarea. Idatzia dago, eman eta zabal ezazu munduan fruitua. Ongi etorri, beraz, zorioneko sorioneku-ak gure mundu apalean eragin duen merchandising erauntsia. Ongi etorri, ahanzten ez bagara dirua eta lana jarriz hori guztia posible egiten dutenez. Erran nahi baita, aurkitu beharko litzateke eskuaren eskutik mugituko diren sosetatik Aranzadi Zientzia Elkarteari eta Arangurengo Udalari apurren bat zuzentzeko bidea. Zuzenena ez ezik eraginkorrena ere litzateke, Irulegin zereginak ez baitira inondik ere bukatu.