Aztarna uztea. Horixe izaten da sortzailerik gehienen xede nagusia, gutxik izaten baitute zaletasuna lanbide bihurtzeko zoria, are gutxiagok diru asko irabaztekoa. Gehien-gehienek aztarnatxo bat, hamarkada batzuk barru ezagutzeko modukoa izango lan bat uztearekin konformatu behar izaten dute. Aldiz, izadiari kalte baizik ez dio egiten giza-aztarnak; zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta hobe.

Gasteizko Errekaleor auzoa bide da Europako okupazio-gunerik garrantzitsuena. 1950eko hamarkadan langileek eraikitako auzunea berreskuratzea erabaki zuten hainbat gaztek 2013an. 2017an argindarra moztu zieten, eta horrek eraman zituen beste gisa bateko energia-iturriak bilatzera. Urtebete aski izan zuten auzoa energetikoki burujabe izan zedin lortzeko; bertan bizi diren ehun bat lagunek energia-sorgailuen eta eguzki-plaken bidez asetzen dituzte egun oinarrizko beharrak. Oinarrizkoak diot, beraiek aitortzen baitute zenbait gailu erabiltzeko modurik ez dutela: “Ez dugu laberik, plantxarik, ile-lehorgailurik edo irabiagailurik. Halakoak erabiltzeko adina energia ez du ematen instalazioak. Oinarrizko beharretarako ematen du soilik.”

EHUko Ekopol ikerketa taldeak eta Life Cycle Thinking Group-ek egindako lan batek ondorioztatu duenez, Errekaleor auzoko biztanle bakoitzak uzten duen energia-aztarna EAEko batez bestekoarena baino %24 txikiagoa da. Bizimodu komunitarioak eta energia-molde berrien bilaketak badakar, beraz, ondorio onik. Halere, egiari zor, aldea nire usteak baino txikiagoa da. Kontuan izanik zenbait gailu erabiltzerik ez dutela –diotenagatik, ahal balute erabiliko lituzkete– eta Errekaleorreko bizilagunen kontzientzia ekologikoa batez bestekoa baino aise handiagoa dela –ni horretan nago–, %24ko aldea ez zait horrenbestekoa begitandu. Halere, ez dirudi hortik jotzea beste biderik dagoenik.