Zentzugabekeriazko egunak dira hauek. Mundua aztoraturik dabil hainbat eremutan, eta elkarbizitzarako araurik oinarrizkoenak inolako inpunitaterik gabe hausten dira.

Brasil izan da albiste egunotan. Herri tropikal hartan Brasilgo presidente ohia Jair Bolsonaro faxistaren milaka gurtzailek Kongresu Nazionala okupatu zuten Lula da Silva presidente berriaren kontrako kolpe militarra burutzeko eskaria eginez. Manifestariek, faxista baten jarraitzaileek, botere exekutiboaren egoitza, eta Auzitegi Gorenaren eraikinaren kontrako erasoa burutu zuten.

Guztiek futbol-talde bateko animatzaileak ematen zuten, final batean irabazitako partida ospatuz, Brasilgo elastiko jantzita eta milaka bandera erakutsiz. Baina, kontu larderiatsuagoa da.

Lehen irudiak ikusi bezain laster, arin sortu zen konparazioa. Gauza bera egin zuten Donald Trumpen jarraitzaileek Kapitolioan sartu zirenean. Bi presidenteak ezpal berekoak dira, eta beraien jarraitzaileak berdin. Ondorioz, honako hau itaun dezakegu: Trumpen jarraitzaileak eta Brasilen Kongresuari eraso diotenak Espainian legez kanpoko gobernuaz hitz egiten ari diren berberak dira? Gorka Bereziartuak esan zuen moduan “Jende arruntaren faxismoa” zabaltzen ari da.

Beraz, ez litzateke harrigarria izango Espainia bezalako herrialde bateko faxista nostalgiko haien altxamendua ikustea, horretarako eskuin muturreko hainbat alderdi lanean hasi baitira. Demokrazia talde edo erakunde bateko kide guztien iritzia berdintasunez kontuan hartzen dituen erabakitzeko modu kolektiboa da, definizioz, eta orain definizio hori gustuko ez dutenez, jokoan dago antolamendu politiko hori.

Modu arbuiagarrian legitimitatea eta legea etengabe urratzen dituzten horiek pentsamendu totalitariokoak dira, eta biolentziaren abusua dute ikurra.

Beste ikur bat bandera bat izan daiteke. Adibidez, Palestinako bandera, orain, Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak debekatu nahi duena eta leku publiko guztietatik kendu nahi duena.

Abusuak eta eskubideen urraketak, toki orotan.