Zientzia-fikzioak a ez nau sekula erakarri, ezta ume-umetan ere. Olentzero eta Errege Magoak izan zitezkeen salbuespen, egiazkoak zirela sinetsita bainengoen. Osterantzean, Marco eta Heidi nahiago nituen Mazinger Z edo Tximuen planeta baino, eta biziki harritzen ninduen lagunek egiantzik gabeko botereez erakusten zuten miresmenak: ikusezin bihurtzea, inoren borondatearen kontrola, etorkizuneko garraiobideak... Gure irudimenaz haragoko tresnak darabiltzagu esku artean, baina zientziak ez du oraindik lortu denboraren makinarik, iraganeko edo etorkizuneko garaietara eramango gaituen gailurik. Gure garaian bezala orain ere, geroak xarmatzen ditu haurrak. Nik, aldiz, zientziak beste garairen batera osteratxo bat egiteko xantzarik emango balit, iraganera joko nuke.

Nola moldatuko ote nintzateke Mikaela Elizegirekin edo haren aita Pello Errotarekin bertsotan? Eta Pernando amezketarrarekin? Zer moduzko komunikazioa izan ote nezake Bereterretxeren kantorearen egile izengabearekin? Nolabaiteko elkar-ulertzerik izango al nuke 778. urtean Orreagan Carlomagnoren armadari eraso egin zioten baskoiekin? Eta, behingoz zien-tzia-fikzio erabatekoari amore emanik, Irulegiko eskuaren egilearekin edo haren auzoekin elkarri ezer ulertarazteko gai izan ote ninteke?

Ezezkoan daudeke adituak. Ziur aski ameskeria baizik ez da Irulegiko eskuaren egilearekin bostekoa emateaz haragoko elkar-ulertzerik izan nezakeela sinestea. Bada, baina, afera honetan guztiz ulertezin gertatzen zaidan beste kontu bat: 2100 urteren buruan baskoien lurraldeko hizkuntza batek bizirik dirau, baina adituek gaztelaniaz eman zizkiguten aurkikuntzaren xehetasunak. Egun gutxiren aldearekin jakin genuen beste kontu bat, nire ulermen kamutsari ihes egiten diona hau ere: Ikastolen Elkartearen lehendakariak lehen eleberria gaztelania hutsean argitaratu du, proiekzio handiagoa izatea xede. Argia da sare pribatu zein publikoko euskal ikasleei eman zaien mezua: zuen lanak proiekziorik izan dezan nahi baduzue, jo ezazue erdaretara. Agian gu ez gara geurez hain ezgai, ezdeus, ezgauza. Proiekziodun hizkun-tza hautatzen ez dugu asmatu.