Ondo etortzen zaie eskuartera datozen material batzuri liseritze-tartea. Halaxe egin nuen Innerarity irakasleak duela astebete argitaratu zuen idazkiarekin. Atentzioa eman zidan azpimarra batek, hots, gobernuei justuki eskatzen diegun eraginkortasuna eta egitasmoekiko koherentzia ez direla ageri oposizioari buruzko epaietan, ahaztuta bagenu bezala gaur oposizioan dagoena bihar-etzi agintean egotekotan dabilela.

Aurkaritzako legegintza-taldeei nekez eskatzen zaie diskurtso zorrotzak bezain formalki edukatuez gaindiko jardun eraikitzailerik, nahiz eta teorian onartzen dugun gobernatzea helburu duenak ezinbestekoa duela desegokitzat jotzen duen egitasmo bakoitzaren ordez gizarteari adieraztea zer proposatzen dion. Gobernuek ondo eusten omen diete oposizio kaskarrei eta hauek euren buruari solik egiten omen diete kalte.

Baieztapenok hausnarketarako ematen badute ere, egungo panorama politikoan eskubia eta ezkerra bezain lausoak dira agintedunak eta oposizioan ari direnak. Gainera, epe laburrari begira jarduteko tentazioek dakarten kantramilak oztopo dira halabeharrez luzerako diren politikagintza jasangarriak abian jartzeko. Esaterako, Alderdi Popularra eta VOX oposizioan daude Espainiako Kongresuan eta gobernukide dira ostera Gaztela eta Leonen. Arduragabeko joko batean murgilduta epe laburrak agintzen du biontzako. Gobernukide eta leihakide diren bi hauen ametsa da aurpegirik gordin eta bortitzena erakustea oposizioan nahi duten PSOEri eta eraikitzaile eta aurrerakoiena, eurenganatu nahi duten gizarteari. Baina ezin asmatu dabiltza putz egin eta, aldi berean, zurrupatze ahaleginean.

Haurdunaldiaren etete-legearen aplikazioak daramatzan protokoloa bortxatzeko (ustezko) erabakiak piztu du eztabaida. Agintekide biok batak besteari egiten ari diren eraso-mailak gobernua hausteko zorian ere jarri omen du. Bitartean, arrazoi osoz, Espainiako gobernua legea bere osotasunean bete dadin osenki ari da. Oxala beste lege organikoen defentsan sendotasun bera ikusiko bagenu!