Ez dakit neguak dakarren giro ilun, sasi-triste edo hotz horrengatik krisalida baten moduan kiribiltzeko joera hartu ote dugun, baina kontua da, inguratzen gaituen krisialdi sozio-ekonomiko globalak gorpuztu duen neurri beldurgarriak eragin itzela duela gugan.

Hedabideek lan ederra egiten dute eguneroko sumindura paregabean murgilarazteko. Hobe da albisteak ez ikustea. Baina egunkariak zabaldu egiten ditugu eta antzeko panorama izaten dugu begi nekatuen aurrean.

Gerra hitza egunero izaten dugu burmuinean, eta atzotik hona hitz horren bolumena handitu egin da, Putinek esan baitu arma nuklearrak kontrolatzeko AEBekin zuen itunetik kanpo jarriko duela Errusia. Zoraturik dago gizakia, erabat zoraturik. Gatazka konplikatu hori modu zibilizatu eta baketsuan konpondu beharrean, suari sua ematen diote ahozikin horiek, jendearen etorkizuna kontuan hartu barik. Beldurgarria da. Ukrainako inbasioaren nondik norakoak gero eta ilunagoak dira, eta ondorioak gero eta larriagoak. Washingtonetik jukutriaz jukutria dabiltza Txina eta Errusiaren kontra hegemonia ekonomikoa erraz galduko duelakoan. Nazkanteak.

Hurbilago ditugu gure arazo partikularrak. Eta betiko legez, euskararen kontrako erasoak, destainak, mesprezuak dira ohikoenak. Azterketak euskaraz egin ahal izateko aldarrikapenak tai gabe isilarazten dira; hainbat herritan euskaraz hitz egiteagatik jasotzen dira besteen bazterkeriak,…. Horren adibide ahaztezina egun hauetan daukagu, izan ere, duela hogei urte Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria itxi zuen. Bertako langile asko atxilotu, eta torturatuak izan ziren.

Egunotan ekitaldi faxista bat antolatu nahi izan dute Donostian eta ezetza eman zaio. Faxismoaren goramena ezinezkoa da gaurko egunetan, bakegintzan aritu nahi baldin badugu.

Ekonomiari buruzko albisteetan betiko amorru eta nekea: Iberdrolak inoiz baino diru gehiago irabazi du, 4000 milioi baino gehiago.

Enpresaburuek eta politikoek beldurra ematen dute, krisalida baten moduan kiribiltzera behartzen nauen beldurra.