Hori ikuskizuna hori. Denok ari gara begiratzen, ikusle huts, irribarre gaixtoa ezpainetan. Hor konpon! Jendea makiladaka darabilten horiek ederki merezia baitute. Etxe barneko suak ez dituzte etxe barneko hautsekin estali, ez horixe. Kontrara. Hauspotu dituzte. Ez da giro eskuindarren artean, den mendrena ere. Labankadak harat-honat, aspaldi errana baita ez dela eskuindarren arteko labankada baina gauza gaiztoagorik. Nor ote hurrena PPra biltzen? Apustuak ere egiten ari dira. Zer dio Barcinak? Non ote dabil? Hori bai arrain handia, aste honetan iragarritako izenen aldean, hau da, Iruñeko bi zinegotzi horien aldean. Alderdi Popularra atez ate dabil UPNko kideak beretu nahirik, eta zurrumurruak eta albiste faltsuak darabiltza lanabes Esparzaren jarraitzaileen artean beldurra eragin nahirik. Zenbaitetan, dena den, UPNko kideek berek jo dute PPren egoitzara. Iruñerriko herri kozkor batean, adibidez, UPNko betiko kide batek deitu du Feijoren alderdira bere burua eskaintzeko. Arras harrera beroa egin diote, jakina. Arrazoia? Guztiz noblea eta garbia. Uste zenaz bertzela, UPNk ez du pertsona hori zerrendaburu jarri herriko udal hauteskundeetarako. Kolera gorriturik, zirt zart, agur erran dio bere bihotzeko alderdi madarikatuari. Orain, PPren zerrendan ageri da. Bistan denez, ez du auzo-lotsaren berri. Horrenbertzez, bi talde eskuindar nagusiak sekulako ahaleginean dabiltza beren boto-emailea erakarri nahirik. Gizon-emakume eskuindarra leiala da eta zintzo demonio joan ohi da bota ematera. Aurten, are zintzoago, dela UPN, dela PP, bozkatzeko. Bada, ikuskizun atseginari bazterretik beha dabiltzan alderdiek munta bereko ahalegina egin beharko lukete beren jendea hauteslekuetara eramateko eta sozialistekiko akordioari eutsi behar zaiola konbentzitzeko. Eginkizun gaitza, zinez, baina garaiz dabiltza.