Onartu berri du Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Legearen proiektua. Euskal hezkuntza osoa arautzen duen lehena da Euskal Eskola Publikoaren Legeak 30 urte betetzen dituenean. Legeen iraupena akordio politikoen zabalerak ahaltzen du; gehiengo juxtuak bizitza laburra ekartzen dien artean adostasun politiko zabalak gobernuen aldaketetatik haratago luzatzen die bizitza hori.

Legeen egiteko nagusia da arloari dagokion markua diseinatzea eta printzipio eta helburu estrategikoak argi adieraztea. Ostean etorriko diren arauetan definituko dituzte erakunde ejekutiboek helburu operatiboak, erritmoak eta egoera bakoitzaren beharretarako tresnak.

Hezkuntza dugu bizikidetzaren oinarri nagusietako bat. Hortik bere garrantzia. Bere erronken artean daude kalitatezko hezkuntza jasotzeko eta eskola hautatzeko eskubideak uztartzea; euskara ardatz duen hezkuntza eleaniztuna garatzea; bikaintasuna eta ekitatea, biak, zaintzea; eta irakaslegoaren prestakuntza etengabe eguneratzea. Testuinguru honetan partekaturiko hausnarketak ekarri zuen Eusko Legebiltzarrera, %90etik gorako onarpenez, Hezkuntza Hitzarmena, legearen abiaburu gisa.

Naturala da euskal gizartearen jakinmina. Ikasle eta irakasleak, guraso eta senitartekoak, eskola-eremuko monitore eta jagoleak, denok bizi dugu hezkuntza-kezka, denori dagokigu gure pertzeptzioak datuekin erkatzea. Hezkuntza-politika gai delikatua da, eragileen heldutasuna eskatzen duena. Eta komunikabideek zor digute informazio zuzena eta ulergarria. Zalantza dut informatzeko misioarekin bateragarria den, esaterako, oraintsu irakurritako titular hau: “Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak miatuko du euskararen erabilera eskola-eremu osoan”.

Egiari bizkar emanda soikil egotzi dakioke erakunde honi lege-testuan aipatzen ez den eginkizunik. Ikuskaritza didaktikoak badu bere lekua legean, hezkuntza-kalitatearen mesedetan. Baina institutuaren eginkizuna da, hitzez-hitz, hizkuntza-erabilera dinamizatzea eskola-eremuan. Ez gehiago eta ez gutxiago, XXI. mendeko euskaldunen alde.