Euskara eta euskaldunak hutsaren hurrengoak dira Espainiarentzat eta justiziarekin jolasten duten hango estamentu juridikoentzat. Betiko gutxiespenak. Badirudi hemendik aurrera, gure hizkuntzaren eskubideak misil judizialez hondoratuko dituztela. Espainiako Auzitegi Konstituzionala da erdeinuzko urrats sendoa eman duen entitatea, gure hizkuntzaren normalizazioan aurrera egin ez dezagun.

Etxean egin dezakegu euskaraz; kalean lagunekin bai; tabernetan, tira, batzuetan bai, bestetzuetan ez; eta administrazioan, ia inoiz ez; eta hemendik aurrera azkoz zailago, izan ere, udalerri euskaldunetan ere ezingo da euskaraz funtzionatu eskubide linguistikoak urratzen direlako. Orain arte euskaraz aritzen ziren oztoporik gabe, ia normaltasunez, gaztelaniazko hartu-emana eskatuz gero horixe bermaturik baitzegoen. Eginkizun hori EAEko Udal Legeak ahalbidetzen zuen, eta hainbat dekretu aztertu baziren ere, aurrera jarraitu zuen. Puztuta dagoen hiru letra dituen sasi-alderdi horrek baina, helegitea jarri zuen, eta orain, bi hizkuntza koofizialen artean desoreka bat badagoela erabaki dute Madrildik. Badirudi euskaraz mintzatzea, lan egitea, komunikatzea eta bulegoetan hizkuntza horretan aritzea diskriminatzailea dela. Hamaikak ikusteko jaioak gara!

Kontseiluak berak salatu du euskarak eta euskaldunok inolako eskrupulurik eta arrazoirik ez duen beste eraso judizial euskarafobo bat jasaten ari garela. Bere hitzetan, “Oldarraldi judizialaren soka amaigabean kolpe handi bat euskararen normalizazioari, euskaldunon eskubideei, herritarren eta erakundeen erabakimenari, ekitatean oinarritutako elkarbizitzari”.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen hori oso larria da, euskararen normalizazio prozesuaren kontrako oztopo irmoa delako, euskara hutsez aritzeko araua ezeztatu duelako.

Gaur, hilak 13, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alkateak, udal hautetsiak eta euskalgintzako ordezkariak agerraldi bateratuan elkartuko dira euskararen defentsan, gizarteak dituen kezka eta haserrea manifestatzeko. Euskara destainaz begiraturik, berriz.