Adituen arabera 2022. urtean 50 gerra edo gatazka armatutik gora egon ziren gure munduan eta pentsatzekoa da, ezkorra naiz, 2023. urtea ez dela samurragoa izango. Are gehiago, badirudi abuztu honetan bertan gerra berri eta osoago bat piztear dagoela Nigerren, gerrek abuztuan ez baitaude oporretan. Osoago diot, zeren Nigerreko egoera ez baitzen lehendik oso-oso baketsua. Estatu-kolpearen albistea iritsi zitzaigun, eta, jakina, mendebalde demokratiko osoa eskandalizatu zen, estatu-kolpeak gaitzesgarriak direlako berez, politika egiteko modu atzeratu eta erabat demodé bat. Tira, estatu kolpe guzti-guztiak ez, estatu-kolpeen artean ere klaseak daude, eta Nigerrekoaren atzean batzuek esku errusiar deabruzkoa ikusi nahi dute, kolpea guztiz gaitzesgarri bilakatzen duen xehetasun garrantzitsua. Eskandalizatuen artean Estatu Batuak daude eta Europako Batasuna (Borrell jaunak ez du lorik hartzen, antza) eta, batez ere, Frantzia. Egunotan guztiok jakin dugu Frantziako zentral nuklearrak elikatzen dituen uranioa Nigerretik datorrela. Ahaztu giza eskubideak, garapena, demokrazia eta hori guztia, hemen arriskuan dagoena uranioa (barkatu, eskualdearen egonkortasuna) da, ez besterik. Horregatik Estatu Batuek eta Europako Batasunak Afrikako herrialde lagunak (sic) xaxatu nahi dituzte Nigerren kontrako gerra (barkatu, ekintza militarra) antola dezaten, Senegalek edo Nigeriak berezko barne-arazoak izango ez balituzte bezala. Ez naiz inozoa, Errusia ere bereak xaxatzen ibiliko da, egia bada Errusia estatu-kolpearen atzean dagoela. Burkina Faso eta Mali Nigerreko agintari berrien alde azaldu dira, korapiloa gehiago korapilatzeko. Nigertarrek bandera frantsesak erretzen dituzte eta errusiarrak jarri, agian gustukoago dute kolore berberen antolaketa desberdina.

Mendebaldeko estatuek beren herritarrek atera dituzte, Nigerrek aireko espazioa itxi; ez dakit zer ari den gertatzen oraintxe.

Eta hori guztia abuztuan, gu oporretan geure arazoekin gauden bitartean, jaiak direla edo eguraldia edo karabela portugesak edo Barbie.