Gaur astebete Espainiako Erresumako selekzioak andrazkoen munduko futbol-txapelketa irabazi zuen, baina inork ez du berbarik egiten txapelketa hori irabazi zuten andrazkoen ahaleginari buruz, ezpada Espainiako Futbol Federazioko presidentearen gainean. Gizonezko horrek maila guztiak hautsi ditu, eta ez onerako: jokalari andrazkoak lepo gainean paseatzen ditu futbol-zelaiaren gainean, palkoan dagoela eskuak hanka bitartera eroaten ditu Ingalaterrako selekzioari egindako gola ospatzearren, haren ondoan Espainiako Erresumako erregearen emaztea, haren alaba eta milioika ikusle zeudela. Lotsaren lotsa!

Ostiralean, hilak 25, Luis Rubialesek, esan zuen ez zuela dimisiorik emango, eta gaineratu zuen ezen “musu txiki” hori andrazkoarekin berbatua izan zela. Lotsagabea halakoa!

Kirol profesionala ustelduta dago arrazoi askorengatik, baina oraingoan banaka batzuk baino ez ditut jorratuko: nik pentsa dezaket horrelako jarrera duen batek, ehun milioika pertsona hura ikusten ari direla, horrela jokatzen badu, zer ez ote duen egingo ikusleen ezkututik, isil-gordeka?

“Luis Rubiales ustelduta dagoen sistema baten ordezkaria” dela aditu dut, eta bat egiten dut baieztapen horrekin. Izan ere, gezurti galanta da, berak esandakotik dihardut: presidenteak badio “musu txikia” bat-batekoa izan zela, orduan zergatik dio itaundu ziola jokalariari, bat-batekoa bada, ez baita ezer aurretik itaundu behar.

Betiere, arretarik handiena ematen dutenak hauek dira: Barataria uhartean ez bageunde, inork onartuko luke zazpi egunez horrelako morroiak karguan jarraitzea? Alderdi politikoetako ordezkari batek horrelako zerbait egin balu, inork sinetsi ahal du oraindik karguan jarraituko zukeela? Jarrera lotsagarri hori izan duen presidenteak “feminismo faltsua” salatu du. Hortik abiatuta, berdin kobratzen dute Espainiako Erresumako selekzioko gizonezko jokalariek eta andrazko jokalariek? Eta Espainiako Futbol Federazioko batzarreko kideek txalotu dute. Higuingarria!