Irakurle guztiz estimatua: oraingoan, gaurko zein gaia jorratu hausnartu eta erabakitzean, bi izen, bi gizon, bi, datozkit gogora. Ezberdinak erabat. Bat zoritxarrez oso ezaguna egunotan gure artean, ezagunegia tamalez. Bizi zaigu beraz. Alproja da, arlotea, hortera, maltzurra, zitala, doilorra, zarpaila, fardela, traketsa, narrasa, zabarra, kirtena, astakiloa, ganoragabea erabat, hitz ontzia, harroputza galanta, matxirulo lotsagarria, auzo-lotsa eragiten duten horietakoa, fantasma, nartzisista, egolatra, hitzetan higuingarria, geure gazteentzat eredurik okerrenetakoa, jainkoaren gainetik dagoela uste duten ustelenetan ustelena. Penagarria. Gorrotagarri eta malapartatua. Etxekaltea da. Luis du izena. Rubiales abizena. Irrikan nago noiz kaleratuko duten bera eta berari txalo guztiz tamalgarriak egiten dizkioten ipurdi-garbitzaile guztiak, “esker oneko urdail” inpresentableak. Ona litzateke kaleratze hori, osasuntsua, egokia, komenigarria, justua, zuzena eta beharrezkoa. Beste gizonak, bigarren izenak, aspaldi utzi gintuen, joan egin zitzaigun Nafarroako Iratxen abuztuko 25 batean orain dela 45 urte borobil, 1978.urtean hain zuzen. EAJ-PNVren Deustuko Uri Buru Batzarrak deia luzatu zuen aurreko larunbatean alderdikide eta alderdi zaleei aurreko igandean, 27an, goizeko 10:30tan Deustuko San Felicísimo Deunaren eleiz-nagusian izan zen Oroipen Mezaren ere arimaren alde otoitz bat eskatuz. Juan Ajuriaguerra da. Gogoan. Gizona, izena, izana, eredugarria, zintzoa, zindoa, leiala, euskalduna, abertzalea, euskal nazionalista, ikurra, alderdikidea, jeltzale, jelkidea. Eusko gudaria, ausarta, balientea, beldurrari beldur ez zion gizaki sendoa. Erresistentea, demokrata erradikala, klandestinoa, gogorra, gotorra, paregabea, politikoa, azkarra, bizkorra, zainetako odol guztia emateko prest zegoen Euskal Herriko semea. Gizonak gizon. Izenak izen. Bi gizon. Besarkada, agur eta ohore Juan Ajuariaguerra, herri txiki eta aberri askatuen egun handirarte!! Pikutara Luis Rubiales!! Bi.