Duzunaritze-Sarasketa Behe-Nafarroako hiriburua den Donibane Garazi hiriburutik 7 km ingurura kokatzen den herritxo bat da. Bertakoa zen Bernat Etxepare (1480-1545), euskaraz idatzitako (ezagutzen den) lehenbiziko liburuaren egilea: Linguae Vasconum Primitiae. 1545ean inprimatu zen Bordelen, behe-nafarreraz idatzita dago eta lantzen dituen gaien artean, badira bi arreta deitzen dutenak: euskarari gorazarre egiten diotenak eta amodiozkoak. Berritzailea izan zen apez-idazlea, bai euskaraz idazteagatik eta bai euskal lirika herrikoian ordura arte erabili gabeko gaiekin menturatzeagatik. Maitasunaren gaiaren erabilera natural eta freskoagatik, Alfontso X.aren Cantigas eta Arcipreste de Hitaren El libro de buen amor liburuen erdibideko kontsideratzen da.

Duzunaritze-Sarasketak hiru euskal herritar oso ezagun eman ditu: Bernat Etxepare (apez eta idazlea), Klaudio Harluxet (informatikari, politikari eta euskaltzalea) eta Martin Landarretxe (idazle eta euskaltzaina). Eta euskararen arnasgune bitxietako bat da, zeinetan biztanleriaren % 75 baino gehiagok euskaraz dakien.

Atzo, igandean, Duzunaritze-Sarasketako Herriko Etxeak eta Hergarai Bizi elkarteak, Euskal Kultur Erakundeak, Euskaltzaindiak eta Naziogintza taldeak ekitaldi bat antolatu zuten Duzunaritze-Sarasketan, Bernat Etxepareren omenez. Cervantesek Alcalá de Henaresen (eta Madrilen ere ez nolanahikoa) edota Molièrek Parisen duten antzera, Bernat Etxepareri ere, merezimenduzko plaka jarri zitzaion “Etxeparea” izeneko Etxepareren sortetxean, eta Duzunaritze-Sarasketako udaletxe aurrean bere omenezko monumentua.

Holakoetan, bere kultura goraipatzen ez duen herria galbidean dagoela esan ohi dugu. Eta arnasa hartzen, aipatu galbidetik ihes egitea lortu izan bagenu lez. Nik, zingurin egiten dakigula esango nuke, areago.

Euskaldunok umilak garela erakutsi digute, ez dugula gure obrak eta mirariak aireratzen ibiltzeko ohiturarik. Aintzindariei zor diegun aitortzak eta gure egunerokoan txertatzeko beharrak, halabaina, ez du gure erreputazioan orbanik utziko, baizik eta herri izaera indartuko.