Egunotan kartel batek nire atentzioa piztu du: 3 diciembre. Dia Nacional del Euskera. Kartela ikusitakoan, bi pentsamendu: bat, dia nacional bada, nazioa garelako da, 1995tik aurrera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu baitzuten. Nazionala delakoan, nazio bat osatzen dugulako da, eta ez Espainiako nazioan gaudelako. Bigarrena: zein itsusia den Dia Nacional del Euskera gaztelaniaz esanda, Euskararen Eguna leloak duen pisuarekin erkaturik.

Egun hauetan ere, oso deigarria den beste kartel bat ikusi dut: Exhibición de improvisadores de versos en Orio. Saio horretan, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Agin Laburu eta Andoni Egaña izango dira improvisadores eta Iker Iriarte proponente de temas. Hein batean, irrigarria ere bada, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ezarritako hizkuntza-gidalerroez trufaka aritzeko egin da. Baina oso arraroa gertatzen zaigu euskaldunoi.

Bada, abenduaren 3an, Euskararen Eguna ospatzeko deituak gara. Eusko Ikaskuntza entitateak 1930an ezarri zuen egun hori “euskara galtzen ez uzteko”. Garai haiek zailak ziren eta gerrarekin areagotu egin ziren debekuak eta zentsurak, horrexegatik euskara jalgi zen kanpora, eta munduko beste bazter askotan ospatu zuten egun hori. Gaur egun ere, euskaldunak biltzen diren edozein herrialdetan ospakizun bereziak izango dira gure hizkuntzarekiko maitasuna pizteko.

Sasoi hartako testu batean ospakizunaren xedeak agertu zituzten bultzatzaileek, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskaltzaleen Biltzarraren izenean. Lehen xedea “Beren mintzairaren amodioa piztea Eskualdunen bihotzetan, berek mintza dezaten eta beren haurreri helaraz”. Bigarrena, “egun horren ohoretan eskuararen hedatzeko ta goraipatzeko bilkura zenbait muntatzea”. Eta hirugarrena, “eskuararen aldeko diru bat bil dadin,… eskual ikasbideak agertarazteko”…

Gaurko egunetan antzera gabiltza. Izan ere, “eri gaizki da eskuara. Egun oroz gibelerat ari”. Eta euskaldunak “hitzik erran gabe, axolarik gabe, arrangurarik gabe” ote gaude?