GAUR, biharamuna da. Euskararen Nazioarteko Egunaren osteko eguna. Gure soinean ajea dela nagusi esan gura nuke. Festa handi baten ostean izan ohi denaren antzekoa. Baina handik eta hemendik, aldarrikapen ezkilak jo eta entzun ditugu, areago lanean jarraitzeko oihuak, egin dugun bidea ospatzekoa baino. Eta, beraz, ezin ajerik izan.

Donostiako Tabakaleran izan zen aurtengo ekitaldi instituzional nagusia eta, ondotik, Euskal Herriko beste plaza askotan bezala, bulebarrean gure ahotsa eskaintzeko aukera izan genuen, teknologiari euskara irakastekoa. Jende andana hurbildu zen euskaraz hitz egitera eta jende andana bildu zen inguruetan, Gaitu demontre horrek zer esan nahi ote duen galdezka. Eman genuen, bada, gure ahotsa, odola eman ohi den bezala, ezagutzen ez dugun norbait horrentzat baliagarria izango delakoan. Guk, eman.

Bi ekitaldiotara bertaratu zen jendea, ordea, ez zen 35 urtetik beherakoa izan. Eta ezin izan nuen ekidin galdetzea arrakalaren zergatiaz. Galdetu nion ene buruari, ekitaldiok ez ote diren emandako aurrerapausoak ospatzeko arrazoiak ikusten ditugunontzako bakarrik egiten; galdetu nion ene buruari, oraingo gazteek zer ospatuko luketen; galdetu nion ene buruari, euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaiak partekatzeko eta eztabaidatzeko espazioak non eta nola sor ditzakegun, belaunaldien arteko arrakalarik gabe. Euskararen herria gazteen prismatik ikus dezagun. Irakats diezaguten, teknologia euskaraz ikasten jarri dugun eran, gu ere, berriro, ikasle bilakatu gaitezen.

Datorren urtean, Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatu (1948an Biarritzen egin zuen Kongresuan) eta lehenbizikoz antolatu zeneko 75. urteurrena ospatuko dugu. Eta ospakizun horretarako, landu beharreko bi erronka nagusi bururatzen zaizkit: batetik, jai giroan murgiltzea, hots, euskaradunontzat harrotasuna sentitzeko eguna izan dadin erdiestea eta, bestetik, batez ere gazteen jaia izan dadila lortzea, etorkizuna euskaraz biziko duten belaunaldiena.

Izan dadila, biharamuna utziko digun eguna.