Atzo abenduak 21, Tomas deuna. Txoixua eta ogia. Periya. Gezurra dirudi baina egi borobila. Atzo70 urtetara iritsi nintzen. Ongi, Zorionez. Atzera begiratzea ezinbestekoa. Pablo Neruda bihotzera, garunera: “Aitortzen dut, bai, bizitu izan naizela”. Patrizia emaztearekin 43 urte luze, bi alaba ditugu, Leire eta Enara. Koskortuak biak, laster batean 40 eta 35ra iristear. Leire bi alaben ama Noa eta Natale da, 11 urte eta 9koak. Enarak bi mutiko ekarri ditu mundura Eki eta Kai mutikoak, 3 urte eta 7 hilabete. Euskadiko belaunaldi berriak gure kaleetan ikusten ditut.

Gezurra deritzot mundu honetan 70 urte daramazkidala. Euskal Herritarra naiz, Euskal Herriko semea, euskalduna, abertzalea. Horrelaxe koskortu nintzen nire Donostiako Gros auzoko etxean. Ama Xixili eta aita Inosenen seme zaharrena naiz, hiru anai arreben zaharrena, Arantxa, medikua, eta Juanramon, albaiteroa, izan ditut urtetan etxean, gosaltzen, bazkaltzen, afaltzen, txikitan, nerabe garaian eta gaztaroan, nire gizontxo eta emakumetxoak. Maite ditut bai, betirako. Ziur nago beraiek ere maite nautela nahiz eta guk geuk geure bizitza eta familia propioa izan, hasi eta hezi. Denbora aurrea doakit. Bizitzan zorte oso handia izan duen kalamitateko bat izan naiz. Euskadirekiko nire konpromiso politikoa oso gaztetik datorkit, une zail eta krudelak bizitu ditut, negarrak zer diren ezagutu ditut, amorruak ere.

Atzera begiratuz barkatu irakurle estimatua, baina orokorrean harro naiz, harrotasunez diot, ez harrokeriaz. Jakin, badakit, nire hoberenak, agian, eman ditudala nire bizitzan eta mundu honetan. Dena dela, oso umil: Euskadirekiko nire konpromiso irmoari eutsi egingo diot osasuna lagun bitartean. Ez diot beldurrik 70 urte betetzeari, ez beldurrik beldurrari, kementsu guztiz biharko egunari so egingo diot. Hoberena desio diet Noa, Natale, Eki eta Kai bilobei. Bizitzak aurrera darrai. Nago, ziur, hiritar, pertsona eta euskal herritar leial eta zintzoak izango direla. Ilusioa: ez dezatela inoiz aitona Joxe ahaztu.