Argazki erakusketa ederra dago ikusgai Nafarroako Museoan. Zaraguetatarren irudi hautatuak. Lau Agustin Zaraguetak eginak eta, gainerakoak, berriz, haren seme Gerardok. Erakusketari buruzko testu ofizialetan erraten da Gerardok etnografia, politika, kirola, erlijioa eta eguneroko bizimoldea ekarri zituela irudietara. Ja ere ez da erraten, ordea, Gerardo EAJren inguruan ibili zela, alderdi horrek Zapateria karrikan plazaratutako “La Voz de Navarra” egunkariko argazkilaria izan zela. Altxamendua gertatu zenean, zer gerta ere, argazki-xafla batzuk (konprometituenak) Argara bota zituela.

Izan ere, alaba ttikia besoetan hartu eta argazkiak haurtxoaren oihaltxoen artean eramaten zituen ongi gorderik, umetxoari tinko bezain amultsuki helduta, Amaia karrikako etxetik Magdalenako zubira bitarte. Altxatuak “Arriba España” egunkaria hasi ziren argitaratzen “La Voz de Navarra” egiten zen toki berean eta argazkilari lanean aritzea proposatu zioten Gerardori. Uko egin zion, ordea; lanik gabe gelditurik, ataka estuan, berritik ekin behar izan zion etxean bertan paratutako estudioan. Gehienbat, erretratuak egiten zituen. Konparaziora, “txorta” sartzera zihoazen mutilak joaten zitzaizkion, eta hantxe agertzen ziren denak puru bat ezpainetan. Estudioan zegoen zurezko puru bat zen. Kopla bat eta guzti kantatzen zen: “Joxe Miguel de Zabaleta a Pamplona ha ido soldau, y en casa de Zaragueta con el puro l’han retratau”. Gerardorena ez da kasu bakarra. Nafarroako Gobernuak argitaratzen dituen testuetan beti ezkutatzen da garai bateko artista aunitzek (musikariak, konpositoreak, pintoreak…) abertzaletasunarekin edota euskaltzaletasunarekin izandako lotura. Bitartean, lekuak berez duen xarma miresteaz gain, gogoan izan beharko ditugu Argak eramandako argazkiak, Magdalena zubia zeharkatzen dugunean.