Voltairek zioenez, pertsona batzuk hitzak erabili ohi dituzte euren pentsamenduak mozorrotzeko. Gaineratuko nuke ez garela mozorrotzen hitzekin bakarrik, askotan gure esentzia, benetan garen pertsona, mozorrotzen baitugu baita gure keinuekin, gure ekintzekin, gure erlazionatzeko moduarekin ere. Inauteriak ospatzen ari garen honetan, une egokia iruditzen zait gutako bakoitzak geure buruari galdetzeko zein diren gure mozorroak, gehien erabiltzen ditugunak.

Ez jaiegun hauetan jantzi ditzakegunak, baizik eta gure egunerokoan erabiltzen ditugun horiek: batzuetan besteek egin diezaguketen minetik geure burua babesteko, beste batzuetan uste duguna baino hobeak garela erakusteko... Kasu askotan normala da ingurunera egokitzea, testuingurura: ez diogu berdin hitz egiten auzokide bati eta txikitatik ezagutzen dugun lagun-minari, ez gara berdin agertzen haien aurrean eta hori normala da. Arazoa, nire ustez, gure esentzia traizionatzen dugunean sortzen da, geure burua traizionatzen dugunean, ez garen norbait bihurtzen garenean, eta, ondorioz, benetan garen pertsona gutxiesten eta gaizki tratatzen dugunean. Izan ere, etengabe beste pertsona bat izan nahi izatea benetan zaren hori gaizki tratatzea da.

Batzuetan, gainera, besteen aurrean mozorrotzera ohituta, azkenean geure buruarentzat ere mozorrotzera heldu gaitezke, sortu dugun pertsonaia sinesteraino. Diotenez, erabiltzen ditugun mozorroek asko esaten dute gure barruaz. Inauterietan mozorrotzen garenean, askotan barrutik garen horretaz mozorrotzen garela esaten dute. Eta egunerokoan justu kontrakoa gerta daiteke, ez garenaz mozorrotzen gara eta. Hortaz, gehien erabiltzen dugun mozorroa zein den jakiteak pista asko eman diezazkiguke ezkutatu nahi dugun gure benetako esentziaz. Gure mozorroak zeintzuk diren ondo ezagutzea bada modu bat benetan nortzuk garen jakiteko. Inauteri zoriontsuak denoi.