Ateak itxiko ditu berehala San Nikolas karrikako taberna-jatetxe arras ezagun batek, asteon jakin dugunez. Iduri du txiki-txikitatik ezagutu dituzun dendak eta tabernak betirako direla, baina, egia erran, gutxik hartu diote gaina denboraren joanari. Taberna horri buruzko irudi batek iraunen du iltzatua betiko, egunero Amadeo Marco nabaskoztarra agertzen baitzen hamaiketakoa egitera, foruzain batek lagundurik, Foru Diputazioko presidentea zelarik. Maiatzean, berriz, ongi merezitako erretiroa hartuko du Abarzuza liburu-denda 30 urtean San Domingo aldapan gobernatu duen bikoteak. Eta irudi bat dendari lotua, Abarzuzak 1950eko hamarkadatik aitzina karrika Berrian egindako ibilbide oparoaren oroigarri, hots, Ceferina andrearen irudi maitagarria, bere bizitzako azken urteetan, beti salmahaiaren ondoan jarrita, bastoia eskuan, bezeroekin solasean, liburu-denda jada alaba Marcelaren eskuetan zegoenean. Ceferina 12 urte zituela iritsi zen Iruñera Atezko Beuntzatik etxe-zerbitzuan lan egiteko, gerra bukatu berritan. Mingarria gertatu zitzaion hizkuntza aldaketa latz hura. Etxe garbiketan ari zelarik, herrentasuna agertu zitzaion eta, ondorioz, luze jo zuen ospitalean. Han, Fermin Irigaray euskal sendagile eta idazle ospetsua ezagutu zuen, euskaltzale saiatua, Francoren erregimenak isilarazia. Irigarayk euskarazko liburutto bat oparitu zion. Bere txikian, keinu handia zinez, Ceferinak sekulan ahaztu ez zuena eta hantxe hasi zen bere kasa irakurtzen. Eta hara, handik urte batzuetara, bizitzak liburu-denda bat gobernatzeko parada eman zion; hura, gainera, euskal argitalpenak erakutsi zituen Iruñeko lehen erakusleihoetako bat izan zen. Halaber, “Ekin” eta erbesteko beste argitaletxe batzuetako liburu debekatuak zituen eskura, liburu-denda luze, mehar eta erakargarri hartako soto misteriotsuan gorderik. l