Asteburu honetan amaituko dira hainbat astez egin diren mota guztietako mitinak. EITBk informatiboetako atal txiki hori ere itxiko du, eguneroko politikoak eman duenaz ohartarazteko. Egia esan, gero eta amu txikiagoa eskaintzen du politikak kaletarrarentzat. Azken egunetan horretaz jardun dute ia hautagai guztiak: zalantzan daudenak omen dira gako nagusia hauteskunde hauetan. Batzuk telebistan agertu dira esanez alderdi politiko horren edota haren programa irakurri behar duela jakiteko nori emango dion botoa. Gaur egun, alderdi guztiek utzi dute uhara luze bat gestioaren atzean, eta badakigu nortzuk diren aditu onak eta nortzuk diren infiltratu faltsuak. Horietarik asko diatriba eternoan bizi dira, eta ez dute politikaz edota ongizateaz berba egiten, eta aho bete laido ibiltzen dira toki orotan, kontrario politiko prestigiotsuak desprestigiatzen. Horretan tematzen dira benetako gai garrantzitsuei heldu gabe.

Harritzen nauena da zer-nolako espazioa ematen zaion hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarrari Euskal Herrian. Inkesta guztiek adierazten dute euli-kaka direla, baina daukaten gorroto ozpindua zabaltzera hona etortzen diren guztietan, irudietan jasotzen dira bere ahoberokeriak eta irainak. Hala ere, hemendik agertu diren bakoitzean, Algorta, Azpeitia eta Tolosatik kasu, jendea kalera atera da faxisten kontra protesta egitera, eta molde txarreko ongietorri hori jan behar izan dute. Ea datuek adierazten dutena betetzen den, eta betikoz, gure lurraldetik uxatzen ditugun.

Hauteskunde eguna gerturatzerakoan, inkesta berriak agertuko dira eta bi alderdi nagusien arteko lehia estutu egingo da, baina antza denez, EH Bildu izan liteke indar nagusia. PSEk betiko legez, brontzezko domina jasoko du boto batzuk galduta. Espero dezagun PPk ere beherako norabidea hartzea, eta aipaturiko alderdi ultraeskuindarra gure paisaia politikotik desagertzea. Sumar eta Podemos alderdi ahulak dira, eta horiek ere gorriak ikusiko dituzte masa-gizarte boto-emailearen aurrean.

Ea zalantzatiek asmatzen duten.