Bozkatzeko aukera izanen dugu bihartik aitzina Iruñean erroldaturik gauden 16 urtetik gorako bizilagunok, dela aurrez aurre, dela telefonoz, dela udal webaren bidez. Bortz hautagai dira, bortzak ere txupinazoa botatzeko prest, eta kanpaina hasia da. Batzuei iruditzen bazaie ere sanferminak mundua mundu denetik ospatzen direla eta festak hasteko suziria zeru-lurren sorreraren garaitik jaurtitzen dela, oraindik ere ez dira ehun urte igaro. Gerra ondoren bota zuten lehen aldiz udaletxeko balkoitik, gerra irabazleek halaxe erabakirik, bere eginez gerra galtzaile baten burutazioa. Izan ere, Juanito Etxepare Aramendia Txapitelako estankeroa hasia zen hainbat urte lehenago suziri bat jaurtitzen Gaztelu plazatik, Sanfermin bezperan, dotore-dotore jantzirik eta haurrez inguraturik. Urtetik urtera, gainera, gero eta jende gehiago biltzen zitzaion. Gero, txupinazoa balkoira eraman zenean, inork ez zuen gogoan izan Etxepare, hila baitzen, gerra irabazleek eraila, hobeki erran, estankeroa errepublikazalea baitzen. Eta gaur egun ere, haren izena ere ez da oso aipatua eta, aipatzen bada, ez da haren bizitzari buruzko deus erraten. Nafarroako Museoan, konparazio batera, Etxepareren argazki eder bat dago ikusgai, suziria eskuan duela, Gerardo Zaragueta argazkilariak egina, baina argazki oinean ez da inola ere aipatzen fusilatu zutenik. Aurtengo txupinazo jaurtitzailea, beraz, bozka bidez erabakiko da eta, arestian erran bezala, kanpaina abiatua da, bizi-bizia, sareetan. Nik Iruñeko Duguna dantza taldeko jendea ikusi nahiko nuke udaletxeko balkoi nagusian uztailaren 6ko eguerdian, hau da, erraldoiek, udal gaitero eta txistulariek eta La Pamplonesak babestua heldu den hautagaia, jakinki ere ez dela batere erraza izanen, Kordobilla inguruko sare zabalek bertze hautagai baten aldeko hautu garbia egin baitute.