HOLLYWOODEKO ibilbide ospetsuan izar batekin saritua izan ondoren, Chris Hemsworth aktoreak eskerrak eman zizkion bere emazteari, Elsa Pataky, bere ametsei uko egiteagatik bera eta bere familia zaintzeko. Bere jarrera matxistatzat jota hainbat kritika jaso ditu aktoreak eta hauen aurrean Patakyk senarra defenditu du esanez bere karrera sakrifikatzea bere erabaki pertsonal bat izan dela. Pertsonala eta oso librea.

Pertsona guztien erabakiak errespetatuta, Patakyrena barne, halako min sakon bat sentitzen dut sabelean egiaztatzen dudan bakoitzean nola hitz egiten dugun askotan erabaki pertsonalez, kontuan hartu gabe erabaki horiek, guk hartutakoak izan arren, guztiz zeharkatuta eta baldintzatuta daudela gizarteak emakumeengandik eta gizonengandik espero duenagatik. Eta beti espero ditu gauza ezberdinak.

Erabaki pertsonalez hitz egiten dugu askotan pentsatu gabe hauek nola eraiki diren; pentsatu gabe presio sozial bat dagoela emakumeengan, gizonek sentitzen ez dutena, familiarengatik euren ametsak sakrifikatzeko; pentsatu gabe halako erabakiak hartzean eragin zuzena dutela gizonen ibilbide profesionalari ematen zaion lehentasunak eta emakumeen karreren gutxiesteak; pentsatu gabe txikitan panpinekin jolasten jarri gintuztenetik emakumeei eman zaigun zaintzaile-rola erabat barneratua daukagula… Eta guzti horren eraginez, azkenean, kasu askotan, gizarteak, familiak, bikoteak eta gure ingurune osoak gugandik espero dutena egiten dugula. Eta askotan egiten dugu gure erabakia dela sinetsita. Eta gurea da, bai, baina onartu behar dugu ez dela gurea bakarrik.

Feminismoak aspaldi gogoratu zigun pertsonala politikoa dela, gure bizitzako espazio intimoenetan egiten duguna ere gizartean nagusi diren balioek baldintzatzen dutela. Hori da matxismoaren indar handienetakoa, itxuraz ezer inposatu beharrik gabe, gure erabakiekin erreproduzitzen jarraitzen dugula egunero. Ustez oso pertsonalak eta libreak diren gure erabakiekin.