Claudia Sheinbaum Mexikoko presidentea izango da. Heteropatriarkatu zuriaren ostean konkista kultural bat lortu du herri horrek lehenengo emakume presidente ezarriz. Berak , emandako lehen hitzaldian, ez datorrela bakarrik esan du, eta akorduan izan ditu Mexikoko emakume guztiak, ahizpak, amamak, alabak eta ama guztiak.
Hainbat transformazio egin nahi ditu herrialde horretan, eta aniztasun kulturala, erlijiosoa, eta genero aniztasuna errespetatzeko politikak indartuko dituela esan du. Gainera, energia berritzaileei atea zabaldu (kontaminazio itzela nozitzen dute bertan), errepideak berritu, 60 urtetik gorako emakumezkoentzako bekak sortu, edota gutxieneko soldata igotzeko neurriak ezarriko ditu.
Gai gordinetan ere sartuko da, eta feminizidioen kontrako borrokan tematuko da. Feminizidoak arazo larria dira Mexikon, egunero 10 emakume hiltzen dituzte, eta indarkeria matxistak sortzen duen arazo beltz horri herrialde horretako gizarteak berak eman behar dio erantzun neurrizkoa.
Argi dago matxismoaren tolerantzia handiko tokietan gertatzen direla feminizidioak. Kasu askotan krudelkeria ekintzen bidez erakusten da gizon misoginoaren boterea.
Aspaldian horren berri izan genuen Roberto Bolañoren 2666 izeneko lanean. Bolaño idazleak ikuspegi beldurgarri baten bidez emakumeen hilketei buruz izkiriatu zuen orriotan. Sexualki bortxaturiko emakume haiek hiltzen zituzten gero, batzuetan mutilazioak eginez. Ezin ulertuzko laborria sorrarazten ziguten lerro haiek, lantzean behin irakurtzeari utzi behar izaten genienak.
Ematen du feminizidio horiek normalizaturik daudela herri hartan, izan ere, gizartearen botere eta isiltasunaren itzalpean eginak izan ohi dira. Anitzetan argitzen ez diren krimenak dira, eta familiak min itzela barnaturik pairatu behar du bizitza osoan.
Horrexegatik, Mexikoko lehen presidente emakumezkoak justizia sozialaren aldeko lan izugarria du aurretik. Mexikon biolentzia egunekoa izaten baita. Adibidez, hauteskunde kanpainan makina bat hautagai tiroz hil zituzten, eta hainbat bahiketa ere gertatu ziren.
Ea konkista kultural horrek aurrea egiten duen.