OSAKIDETZA-mahaia” ipini dut izenburu, ez baitakit Osakidetzaren, Osakidetzako, Osakidetzarentzako, Osakidetzatiko, Osakidetzaranzko, Osakidetzarainoko, Osakidetzazko… esan nahi duen mahai hori aipura dakarrenak. Betiere, nik garbi daukat ezen Osakidetza tresna, lanabes, erreminta, langai, makina, gailu bat dela Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleon zerbitzuan egon behar duena. Badakit gai guztiek euren eitea dutela, baina badakit, era berean, gai bati garrantzi berezia eman nahi zaionean neurketa-parametroak aldez aurretik aldatzen ditugula zelaia prest egon dadin partida hasi orduko. Gogaikarria, benetan!

Mahai hori osatzeko deituak direnetako batzuek ez dute gonbita onartu, berbarako, ELAk. Sindikatu hori baldarra da: “Moldakaizki edo astunki aritzen edo higitzen dena, behar adinako zalutasuna ez duena”, eta bada “baldresa” ere. Sindikatu horren agintariek ez dute parterik hartu nahi Pontzio Pilatoren moduan eskuak garbitzeko eta gerta daitekeenari begira erantzukizuna edonori leporatu ahal izateko. Ebazpen hori hartu duten ELAko agintariek uko egingo liokete euren soldata erabaki behar den batzar batean esku hartzea ukatzeari?

Osakidetzak Euskal Autonomia Erkidegoko herritarron zerbitzuan egon behar du arestian esan dudan legez. Hala ere, ez dago mahairik, ez dago mahaikiderik, ez dago Eusko Legebiltzarreko parlamentariorik, ez dago Eusko Jaurlaritzako agintaririk, ez dago ezein sindikatutako kiderik oinarrizkoena den kontuan eragin dezakeenik. Halaxe da: giza faktoreak, garbitzaile bakoitzak, jagole bakoitzak, erizaintzako laguntzaile bakoitzak, erizain bakoitzak, osagile bakoitzak, biharamunean ahaztuko du bezperan lortutako “erreibindikazioa”. Gizonezkoen gainean esaten den legez, behin agindutakoa jadetsi eta gero, berba guztiak ahaztu egiten dira hura erdietsitakoan.

Osasun-arloan, “bokazioa” behar da, jaidura. Jaidurarik ez duen osasun-arloko pertsona bakoitzak Osakidetza-mahaiak lor dezakeen guztia galaraz dezake. RIP!