Ez da nabarmendu hedabideetan Iruñeko Udalak ortzegunean zabaldutako oharrean bildutako albisteetako bat. Egia erran, hedabide aunitzek ez dute deus erran eta, oharra plazaratutakoen artean, izenburua azpimarratu dute, hots, 2025erako plantilla organikoaren proiektuak 270 plaza egonkortzea jasotzen duela, eta udal langile guztien arteko behin-behinekotasuna % 19 jaitsiko dela. Bada, udal oharraren bukaera aldean ageri da hainbat lanpostu sortuko direla, horien artean itzultzaile bat eta euskara teknikari bat, baina hori ez da inon ere nabarmendu.
Erran nahi baita, hiriburuko Euskara Zerbitzuak euskara teknikari bi izanen ditu hemendik aitzina, aspaldian zegoen beharrari men eginez. Laukoen zentsura moziotik ia urtebetera etorri da albistea. Horrenbertzez, heldu den urtean, baliabide gehiago izanen dira euskararendako hiriburuko Udalean. Eta hori albiste pozgarria da. Antzera gertatzen da Foru Gobernuan, eta hori ere pozgarria da. Hori bai, bertzelakoa da aldaketarik izanen ote den euskarari buruzko udal ordenantzan. Aurreko legealdian egin zitzaion murrizketa nabariak bere horretan iraunen omen du.
Gustatu edo ez, horixe da joko-zelaia, bai Udalean, bai Gobernuan, bietan ere, sozialistek mugaturik. Hau da, ez da behar adinako gehiengorik arauak euskararen alde aldatzeko. Sos gehiago bideratu bai, baina araurik ukitu gabe. Horregatik, alkatearen irizkide politikoek GBri leporatzen diotenean euskararen inguruko arau eta legeetan aldaketarik ez egitea Gobernuan, euskarazko atsotitzetan dagoen aberastasunaren berri eman behar zaie, Udalean zer gertatzen den oroitarazita. Konparazio batera, “Bertzeen hutsak aitzinean, gureak bizkarrean” edo “norberaren begiko bekarra baino, bertzeena ikusten da hobeki”. Atzendu gabe, alkatearen irizkideek dutela Nafarroako Gobernua bermatzen.