Fundamentuzko gauzak oharkabean iragaten dira mundu guztiarentzat. Munduko oligarkia harrapakaria arazo ekonomikoetan murgilduta dagoenez gau eta egun, ez ditu bizikidetzarako aukera gisa ikusten justiziaren aldetik aurrera ateratzen diren aukera eta erabaki zenbait. Batzuetan ez gara jabetzen zein azalekotzat jotzen dituzten nazio batzuek gure planetaren etorkizunaren norabidea alda dezaketen ebazpen serioak.
Duela egun batzuk, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro, eta bere akolitoa den Yoav Gallant Defentsa ministro atxilotzeko agindua eman zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Bi kriminal horiek beren herrialdetik irteten badira, edozein tokitan atxilo har ditzakete segurtasun indarrek, egindako gizateriaren aurkako krimen sistematikoak leporatuta.
Israel Palestinan burutzen ari den genozidioari amaiera emateko modu ederra litzateke Benjamin kartzelan ikustea. Era horretan, hiltzailea gatibu hartuta, areriotzat hartzen diren beste buruzagi batzuek adierazi duten moduan, justiziarako urrats garrantzitsua litzateke, biktimei erreparazioa lortzeko aukera eman daitekeelako. Ondorioz, bururik gabe legoke hango herrialdea, eta horrek, agian, aldaketa geopolitiko onargarri bat bermatzeko ahalbidea agerraraziko luke Israelen.
Halaz ere, hasieran esan dudan moduan, Nazioarteko Zigor Auzitegiak nahi duena esan dezake, baina munduko herrialde guztiek deliberamendu horri men egiten ez badiote, seguruenik, hutsaren hurrengotzat hartuko da determinazio hori, eta kontu sinbolikotzat joko da. AEBek ez dute jaramonik egin, eta zorakeriatzat hartu dute auzitegiak esandakoa.
Panorama gatazkatsu horren erdian argi txiki bat piztu da orain, eta Israelek eta Hezbollahk su etena onartu dute. Printzipioz bi hilabetez adostu da menia hori, baina nor fidatuko da herrialde genozidaz? Nago edozein jukutria erabiliko duela Israelek erasoekin jarraitzeko.
Milaka hildako sorrarazi dituen gerra aste batzuetarako baretuko da, eta misilen soinuek ez dute herri eta hirietako lasaitasuna dardaraz urratuko.
Ea berdin egiten duten hil hurran, hiletsian dagoen Gazako populuarekin.