Denok gara gauza asko. Inor ez da gauza bakarra. Batzuk besteak baino gehiago hori bai. Begiak itxi eta atzera eta ingurura so eginaz adin ezberdinak, gogo eta irrika ugari, pertsonak non nahi, aspaldikoak eta ez hain aspaldikoak, maitatuak, maitagarriak. Ezin ahaztu. Pena behin baino gehiagotan nire esker ona ez adierazi izana kementsuki. Orain alferrikakoa, ala ez? Agian beste dimentsioan, ez dakit han edo hemen, baina agian jakitun dira beraietaz ari naizela begiak pittintxo bat lausoturik. Xixili eta Inosen semea. Biloba eta semea. Baita anaia ere. Arantxa eta Juanramonen anai zaharra.

Nola pasatzen den denbora Aran eta Juanra. Gogoan daukat, Juanra, izeba Mirenek Añorgan telefono beltz hartatik (19788) hitz egin ondoren, ez dakit norekin, esan zidala “Joxemanuel, Juan Ramón jaio da” baina nik ez nuen ezer ulertu, nola ulertu ba? Bost urte doi doi nituen eta. Juanramon albaiteroa da. Bainan ez dakit zergatik bainan gogoan dauzkat hitz horiek, baita telefono zahar beltz haren zenbakia. Gogoan daukat Aran (medikua), ezin ahaztu zure aurpegia zurbil zurbil malkotsua, begi lausotuak zure anai naizen ni lehenengo aldiz Iruñeako kartzelara joan zinenean ni bisitatzera. Nik neuk 22 urte, zuk zeuk 20 inguru. Zu, Aran, aita Inosen eta ama Xixili zutik, zurbil, txuri txuri, triste, goibel guztiz, eta ni bestaldean kartzelako funtzionario batek jarri berri aulki batean eserita halabeharrez, ezin bainuen zutik iraun, ezta pauso txikienik eman ere. Iruñeako Gobernu zibileko ziegetan jasandako eta pairatutako tortura kupidagabeen ondorio zuzen eta krudela.

Biloba, semea, anaia. Baita senarra ere, Patriziaren senarra hain zuzen, 44 urte oso luze elkarrekin bizitzari aurre eginaz. Harro zutaz emazte Patrizia. Maite izan zaitut. Maite zaitut. Maite izango zaitut mundu honetan irauten dudan bitartean, luze ala motz. Eskerrik asko bihotzez Patrizia. Milesker. Patrizia eta bion artean bi alaba bikain izan ditugu Leire eta Enara. Aita beraz, biloba, semea, senarra, aita. Jarraituko.