ATZO, abenduaren 11, Nazio Batuen Batzar Nagusiak izendaturiko Mendien Nazioarteko Eguna izan zen. Mendiko ekosistemen balioei buruzko sentsibilizazioa areagotzeko eguna da hori. Mendiek berebiziko garrantzia dute gure geografian, eta eskaintzen dizkiguten onurak ezin ukatuzkoak dira.

Egun horretan, mendiekiko jasangarritasunaren bermea aldarrikatu beharko dugu beste behin, hainbat mendilerro eta mendi-babesgune energia ustiapenerako eremu apropostzat hartu baitira modu esperpentikoan. Hemen, Euskal Herrian, altxorrak dira gure mendiak, kultuzko elementuak dira ia, eta kanpoko oligarkietako harrapakarien kontra defenditzen ditugu. Baina anitzetan, degradazio iraunkorrak nabarmentzen dira han-hemenka. Masa globalizatuaren aisialdiaren osteko triskantzak edonork ikus ditzake mendialdeetan jartzen diren esparru berezietan, bai eta horietatik kanpo ere, eta sasi zibilizatuen zabor puskak bazterretan botata ikustean, aise jabetzen gara errespetu gutxi zor zaiela mendiari eta bere espazioari.

Zer esanik ez, mendia negozio bilakatzen den herrialdeetan. Gaur egun, Himalaia da mendi ikusgarrien bidez turismo tonak erakartzen dituen herria. Gehiegizko populazioak eta turismoak dena hondatzen du, eta handik pilaturiko zarama maldarik aratzenetan ere topatuko duzu. Hantxe, mendia ez da zaintzen, eta atarramendu ekonomikoa eskrupulurik gabe eta modu zoroan lehenesten da ekosistema berezi horretan dagoen edertasunaren aurretik. Mendia dibertsitate biologikoaren erreserba handia da, eta jagon egin behar da duen balio intrintsekoarengatik. Handik dator guk edaten dugun eta gure basoak elikatzen dituen ura. Gure klima mendiek orekatzen dute, eta ukaezina da duten botere baltsamiko edo katartikoa.

Mendien edertasuna miresten dugu, bai, baina beren babesa garantizatu egin behar dugu, gero eta aztoratuagoa izango dugun klima-aldaketak eta baliabideen ustiapen kontrolagaitzak arrisku bizian jarriko baitu ingurune zoragarri hori. Paisaia natural ikusgarrienetakoak biltzen dituen mendiguneen degradazioak gure arimaren belztura ekarriko du, zalantzarik gabe. l