Behin, hileta baten ondoren, nire osaba Jakok besteengan oroitzapen on bat uztearen garrantziaz hitz egin zidan. Urte batzuk geroago, bera hil zenean, bere helburua ondo bete zuela pentsatu nuen. Gizon ona izan zen, ondo dakit jende askori lagundu ziola. Orain, urte berriari begira desioak eskatzeko unea heldu denean, pentsatu dut desio noble bat dela hori, besteengan oroitzapen on bat uzteko nahia edukitzea eta horretan saiatzea. Baina ez naiz besteengan itzala uzteko harrokeriaz ari, ez dauka zerikusirik, adibidez, kale bati zure izena jartzea nahi izatearekin edo antzeko ezerekin. Eskuzabaltasunez jokatu izanaren eta ingurukoei arreta eskaintzearen ondorioz utzitako arrastoaz ari naiz.

Batzuetan pentsatzen dugu zerbait oso berezia egin behar dugula edo beti besteek baino ozenago hitz egin behar dugula gogora gaitzaten, baina badago beste modu bat, oharkabean pasatzen dena askotan, besteengan itzala uzteko: haiei benetako arreta eskaintzea, benetan interesa erakustea haiekiko. Simone Weilek esan zuen arreta dela eskuzabaltasun modu arraro eta puruena. Norbaitek hitz egiten duen bitartean hari adi egotea haren lekuan jartzea dela esaten zuen.

Eta pentsatzen jarrita, konturatzen naiz nigan arrasto handiena utzi duten pertsonak halakoak izan direla: euren jakituria nirekin konpartitu nahi izan dutenak, aberastu nautenak, nire egoerari adi egon direnak, nire beharrak kontuan hartu dituztenak, eurekin egotea opari bat dela sentiarazi didatenak, behar izan ditudanean hortxe egon direnak, arreta “bizia, purua, eskuzabala, doakoa eta eskuzabala” eskaini didatenak, Simone Weileren hitzetan. Datorren urteari begira, beraz, nire ingurukoentzat pertsona hori izan nahiko nuke, hori izango da nire desioetako bat: haiengan arrastoa uzteko gai izatea, baina ez harropuzkeria edo handitasunetik, baizik eta euren beharrak identifikatzeko eta asetzeko gai izateagatik; bakoitzari sentiarazteagatik gizaki bakar eta errepikaezina dela. Ea kapaz naizen, nire osaba Jako izan zen bezala. Hala izan bedi. Urte berri on denoi.