Aurtengo kantaldirik gogoangarrienak urtea hasi berri zaigun honetan gertatu dira Sadar erreka ondoan, entzuleen iritziz nekez izanen baita parekorik azalez eta mamiz Iruñean 2025a akitzeko falta diren 350 egunetan, jendeak loriaturik eta hunkiturik baitirau.
Adin guztietako jendea, 20-40 urtekoak nagusi bai, baina baita gaztetxo eta nerabe saldo handia ere, betiere haur koxkorrak eta adinez oso aitzinera doazen gizon-emakumeak atzendu gabe, guztiak ere euskarazko ikuskizun baten arrimuan, haien artean –ez gutxi– ohiko euskal kultur zaleak ez direnak. Hemendik aitzinera, hortaz, are handiagoa izanen da Pello Reparazen taldeak bi kantaldion aurretik zekarren ospea, baita gaztetxoen artean ere.
Taldearen izena, izan ere, hiriburuko 12 urte inguruko euskal ikasle gehienen aho-mihitan dabil. Eta hori ez da gutxi, euskal erreferenterik ia batere ez duten honetan, oihartzun guztiak edo gehienak sare sozialen bidez jasotzen dituzten honetan. Ederki baitakigu sare sozialak egiazki elkorrak direla euskararendako, hango eta hemengo erdarak baitira nagusi, eta uneoro irensten dituzte –irensten ditugu– segapotoaren, ordenagailuaren zein tabletaren bidez.
Azken buruan, eskolatik kanpo, musikagintzaren bidez iristen zaizkio euskal oihartzun bakarrak D ereduan dabilen eta etxean euskara ez darabilen gaztetxo eta nerabe frankori, aunitzek irakasleei ere –ikasgela barnean ere– erdara batuan hitz egiten dieten honetan. Euskal telebistan, adibidez, inork ez du ja ere ikusten, musikari loturiko “Go!azen” saioa izan ezik. Zehazki, neskek ikusten dute “Go!azen”. Mutilek, ordea, ez; edo hobeki erran, ikusten badute ere, ez dute halakorik aitortzen, saio hori ikustea “nesken” kontua delakoan. Gauzak horrela, garrantzitsuak dira euskara ardatz duten masa-ikuskizun handiak egitea, txikitik eragitera ohituegiak bagaude ere.