Udan, lagun batekin hondartzan, ur ertzetik paseatzen. Esan diot jada ez dela adineko jenderik ikusten ur ertzetik paseoan garai batean bezala. Laguna bat-batean gelditu da. Aurpegira begiratu dit eta barre artean esan: Barkatu, laztana, diozun adineko jende hori orain zu eta biok gara. Ez naiz kapaz izan ezer erantzuteko. Aurrera egin dugu oinez. Tripa sartzeari utzi diot. Duela urte batzuk, 90 urte betetzear zegoenean, nire amak zaharren egoitza batean egin zuen lehen egunean, alde batera eta bestera begiratu ondoren, honela esan zigun seme-alaboi: Baina nora ekarri nauzue? Hemen zaharrak besterik ez daude.

Bi adibide baino ez dira. Argi dago. Ez da erraza onartzea zaharra zarela. Inor ez da zahar. Zaharrak besteak dira beti. Eta ulertzekoa da, zaharrak mespretxatzen dituen gizarte batean bizi garelako eta bidean gaudenoi zahartzea debekatuta dagoela erakusten zaigulako. Niri eta nire adineko emakumeei, adibidez, algoritmoak egunero gogorarazten digu gaztetasun infinituaren baldintza betetzen ez badugu, gure erruz dela: izango da ez ditugulako azido hialuronikoaren eta retinolaren onurak aprobetxatzen, edo ez ditugulako abdominalak behar bezala egiten, edo ez dugulako aurpegian masajea emateko gailurik, edo ez dakigulako geure burua behar bezala makillatzen edo ez dugulako radio-frekuentzia erabiltzen aurpegiko kolagenoa aktibatzeko… Hau da, hirurogei urte betetzean Demi Moore bezala ez bagaude, alferkeriagatik eta utzikeriagatik dela.

Bada, bada garaia diktadura zital honi aurre egiteko. Eta algoritmoari eta mundu guztiari esateko duin eta kontzienteki zahartzea bertute handia dela. Ederra dela modu dotorean zahartzea, galtzen duzunaz jabetuta, baina baita urteekin irabazi eta ikasi duzun guztia kontuan hartuta: esperientzia, egoten jakitea, umorea, ulermena, jakinduria... Eta horrek guztiak ederrago egiten gaituela horretaz ohartzeko adimen nahikoa duenaren aurrean. Horixe erantzungo diot nire lagunari uda honetan, urtebeteko atzerapenarekin, ur ertzetik paseatzen dugun bitartean adineko jendeak bezala. Adineko jende ederrak bezala.