Alde Zaharreko auzo eztabaidagunea egin eta egun gutxira jakin dugu Udala ekainean hasiko dela isunak paratzen tabernei, ate bikoitza jartzen ez badute. Arau hori aspaldian da indarrean eta orain arte ez dute betearazi. Orain, ordea, bizilagunen aldetik sekulakoak eta bi entzun ondoren, udal agintariek agudo ekin behar izan diote; hitzez, behinik behin, udal gobernu batzarrak hautesle olde handia baitu Alde Zaharrean.

Taberna batzuek eta bezeroek gaueko ordu txikietan eragindako zalaparta, zikinkeria, kirats eta gisakoez gain, bertze kontu batzuk ere izan ziren hizpide delako saioan, herritar aunitzen suminaren adierazgarri, hala nola turistendako etxebizitzak, Nabarrerian pilatzen den jendeketa gaitza, etxebizitzen prezio izugarria, bai eta kiroldegirik eza ere. Ostatu bilakatutako etxebizitzak mugatu dituztela erran zuen zinegotzi arduradunak eta aurten prestatu nahiko luketela kiroldegirako proiektua. Ea egia den. Bada, ate bikoitzarena entzun bezain laster, sutsu mintzatu dira ostalari batzuk neurri horren aurka, establezimenduentzat ondorio “hondagarriak” izanen dituelakoan, eta karrikan dagoen eta dabilen jendeak eragiten duelakoan asotsa; ez, ordea, taberna barnealdean dauden bezeroek.

Bada, joan ortzegun, ortziral edota larunbat gauerdi aldean San Nikolas, Comedias eta Pozoblanco karriken elkargunera eta, hantxe, belarri zuloetan tapoiak paratuta ere, ederki entzunen duzue inguruko tabernen barnealdetik datorren musika hotsa, etxeko zoko-moko guztietaraino argi eta garbi sartzen dena. Berdin gertatzen da Estafetako tarte batzuetan. Musika gaueko 11etatik aitzina debekatzea ere aztertuko du Udalak, bigarren atea paratzeko lekurik ez duten tabernetan. Bizilagun frankok hori eskertuko lukete, arazoak ondorio hondagarriak baititu bai, baina bizilagunen bizitzarentzat.