Badirudi Trump administrazioak ez duela zenbait hitz atsegin eta, debekatu ez, baina gomendatzen du ez erabiltzea gobernuko agirietan. Zerrenda begiratzean ez naiz harritu LGBT edo nonbinary ikusi ditudanean, baina beste batzuen aurrean ahoa bete hortz gelditu zait: women dago (emakumeak, horrela, pluralean), baina ez woman (emakumea, singularrean); emakumeak arriskutsuak dira, baina banan banan harturik ez? Men eta man (gizonak eta gizona) ez daude, baina bai men who have sex with men (gizonekin sexua egiten duten gizonak). Victim eta victims dago, biak. Nola? Edozein biktima? Klima krisiarekin edo generoarekin zerikusia duten asko dago, eta Gulf of Mexico, jakina, trumpismoak ez du atsedenik hartzen. Badira ere adjektibo edo adberbio xumeak, hala nola political edo historically, eskuin muturreko testuetan ere erabiliko dituztenak, diot nik. Burua lehertzeko zorian izan dut DEIA irakurri dudanean. Zer egin dio Bizkaiko egunkariak Trumpi? Laster jakin dut DEIA hori sigla bat dela, Diversity, Equity, Inclusion and Accessibility laburtzeko erabilia, estatubatuarrek hizkiz hizki ahoskatuko dutena, eta ez “deia” euskal eran.
Egia esan, zerrendan injustice hitza argi eta garbi irakurri dudanean txantxak egiteko gogoa ahuldu zait. Injustizia hitza ezaba daiteke, baina horrek ez du injustiziarik ezabatuko. Bide batez, social justice ere badago (Mileik irakatsiko zion Trumpi?), eta hor bai, hor hitza bezain erraza da, errazagoa beharbada, ekintza bera desagerraraztea.
Hizkuntzaren eta errealitatearen arteko harremanei buruzko eztabaida zaharra aurrean dugu berriro ere: gai al da hizkuntza errealitatea moldatu eta aldatzeko, edo alderantziz, errealitatea da hizkuntza eraldatzen duena? Biak aldi berean? Korapilatsuegia da kontua, zalantzarik ez, hau bezalako zutabe batean argitzeko. Hitzak boteretsuak dira, performatiboak, modernoago jarrita, edo sakratuak, mistikara jotzen badugu, eta hitzak eta hizkuntza kontrolatzea sistema autoritario guztien ametsa eta helburua da. Gogoratzen al duzue George Orwell-en “neohizkera” hura?