Gero eta maizago gertatzen zait nire arreta biltzen duten albisteak hedabideetatik desagertzen direla berehala egun batetik bestera. Batzuetan esperatzekoa da delako albiste horrek edo hark segida izango duela kronika edo erreportaje batekin, edo oihartzuna lortuko duela iritzi orrialdeetan edo sare asozialetako eztabaidetan, gutxienez. Baina ez, iritsi zen bezala joaten da, halako moldez non askotan pentsatu izan baitut delako albistea ez nuela benetan irakurri edo entzun, nire ametsetan ageri zen entitate lainotsua baino ez zela izan, nire gogo galduaren sorkuntza eroa. Edo agian nire arreta da desbideratuta dagoena.

Cuelgamuros deitutakoarekin gertatu berri dena izan da azken albiste lanbrotsu horietako bat. Ez dakit zuek jakinaren gainean zaudeten, baina Espainiako Erresumak (galaxia osoan dagoen gobernurik progresistenarekin) eta Vatikanoak hitzarmen edo horrelakoren bat sinatu dute Valle de los Caídos horren inguruan: fraide beneditarrek han segituko dute, salbu eta priore faxista eta beste fraide pare bat; basilikaren zati bat eliza bezala erabiliko dute; eta Erromako elizak baimena emango dio Espainiako Erresumari nazioarteko lehiaketa bat antolatzeko monumentua, edo lekua, edo hori (ez dakit nola deitu, hilerria?) birmoldatu edo “esanahi berriz janzteko”. Atzean gelditu dira memoria demokratikoaren izenean sozialistek agindu zuten guztia: fraideek ez zutela hor lekurik izango, “lekua” gune laiko huts bilakatuko zela gerra eta diktadura zer izan ziren azaltzeko eta abar. Gobernukoek ez zegoela alternatibarik diote. Benetan? Harrigarria da Erromako elizak oraindik duen indarra (aita santua gaixorik egon edo ez) eta ezagunegia sozialistek belaunikatzeko duten joera.

Beharbada horrexegatik pasatu da albistea hain oharkabean, horrexegatik iraungi da hain azkar. Munduan, gainera, gauza beldurgarriak gertatzen ari dira egunero, kontutxo honi garrantzi gehiegi emateko. Oso ondo datoz trumpkeria guztiak, muga-zergak eta hori PSOEk espainiarrei egin berri dien azken opari hau estali ahal izateko.