Familia kristau, euskaldun eta abertzale batean jaioa, oso gaztetatik ETAren logistika lanetan, pisutan, lekualdaketetan, mezulari, zaintzatan, autoak e.a.retan parte hartu zuen, Carrero Blancoren garaiak ziren. ETA V sartu zen legez kanpoko liberatu gisa 74. urtearen amaieran ETApm-ra bilakatu zenan. Iruñean atxilotu zuten 1975ean, latz torturatu zuten. Gobernu Zibilean dagoen Iruñeko komisariatik igarotzea benetako infernua izan zitzaion.
Berrogeita hamar urte geroago amesgaiztoak izaten jarraitzen du. Errukirik gabe torturatu zuten, bai, baina harrotasunez dio ez zuela inoiz amore eman. Jon Paredes Manot “Txiki” bere lagun mina fusilatu ondoren, beste laguna Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur” desagertzean eta Angel Berazadi enpresariaren bahiketa eta heriotzak indarkeria tresna politiko gisa erabiltzea zalantzan jartzen hasi zen Iruña eta Carabanchel espetxeetan. Garai berriak sumatu zituen: Suarez, Trantsizio politikoaren argiak eta balizko Konstituzioa ote, Alderdi politiko eta Hauteskundeak omen, baita Amnistia eta Autonomia Estatutuaz ere hitz egiten entzuten omen zuen gogoratzen du.
Amnistiaren ondoren EEn sartu zen baina hau PSEra hurbiltzean utzi zuen alderdia. Hiru urte geroago, 1996an, EAJ-PNVn onartu zuten berak hala eskatuta. Gaur damu du huts egin izana. ETAren siglen endekapen-maila jakin izan balu, ez zen inoiz erakundetuko. Akats tragikoa benetan hura, etikoa eta politikoa. Trantsiziotik aurrera ETA militarrarekiko beligerantea izan da. Indarkeriak dena hondatzen eta zikintzen duela dio. Uste du ETAk ez zukeela inoiz existitu behar izan, eta diktaduran existitzekotan, ez zukeela inoiz iraun behar Autonomia Estatutuan. Ezin du barkatu ETAk Euskadiko autogobernuaren sinbolo gorena den Ertzaintzari eraso egitea.
Hiltzea ez da inoiz ondo egon, gaizki baizik, eragindako mina bidegabea izan zela dio. Errespetu osoa biktima guztiei, pertsonen bizitza bortxa-ezina eta duintasuna ukiezina dela, bateraezinak indarkeriarekin, dio. Bai. Beste hura ni neu naiz.