Arantxa du izena, eta laguna dut. Aspaldikoa, oso. Emakume inplikatua, guztiz inplikatua, benetako horietakoa. Egunkarietan nik idatzitakoak irakurtzen omen ditu. Eta gogoko omen ditu. Baita nik tertulietan esandakoak ere, omen. Eta oraingoa mezu bat, lotsati, bidali dit (zuka eta jauna hitza erabiliz). Eta honela dio gutxi gora behera, honelaxe zuzendu zait, nire harridura hunkituan: Espero eta desio dut, Bujanda jauna, etorkizunari, itxaropenari eta gizakienganako duzun fede eta begiradari dakarzkieketen onura guztiarekin bete eta osatu daitezela zure amets eta irrika zintzoak, nahiz eta nik zalantza serioak izan. Ondo, xuxen eta egoki egindako politikan zure fedea, betiere herritarren ongizatean pentsatuta, kultura, hizkuntza, filosofia ezberdinekiko errespetuan biziki espero dut funtzionatzea. Bai, halaxe izan dadila. Nik ere horixe nahi dut, oso serio ari natzaizu jauna. Baina, beti dago bainaren bat, zoritxarrez Bujanda jauna, eta egia dena da psikopata egozentrikoek kudeatutako indarrez inguratuta gaudela, non gainontzeko gizakiok txotxongiloak diren eskuetan diruditela, dirudigula. Nire hiru bilobei eta bidean dagoenari begiratzen diet, begiak itxita, eta antzematen dut txirbilak dar-dar egiten ari zaizkidala, masailezurrek min ematen didatela eta hortzak estutu izanagatik, larruazaleko poroetatik duintasuna ateratzen zaidala…eta horrela izugarrizko zoramenaz alde egin nahiko nuke mundu honetatik. Ez dakit zer egin. Oraintxe Blowing in the wind abestia entzuten ari naiz. Ez dut itxaropena eta fedea galdu nahi, ez ditut amets onak galdu nahi. Beraz uste dut, ezinbestez pertsona baikorrak behar ditugula. Mundu hobe bat gogorarazteko grinek merezi duela. Eta beraz, Bujanda jauna, erabaki irmo bat hartu dut, hau da: ideal justu, duin eta guztion berdintasunaren alde borrokatzen jarraitzea. Zure erantzunaren zain geratzen naiz. Aurrera eta ausartu zaitez, Bujanda jauna, zure erreakzioak niri azaltzen. Honen aurrean nire erantzuna lagunari: Bai, bai, Arantxa.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
