Síguenos en redes sociales:

Tribunas

Gure hizkuntza ofizialak, baita Europan ere

Espainiako identitate nazionala eleanitza da. Hizkuntzek ez dute banatzen, hizkuntzak zubiak direlako; espainolez, katalanez euskaraz, galegoz bizi gara espainiarrok elkarrekin. Hizkuntza ez da hitz egiteko soilik, hizkuntza gure etxe dugu, hizkuntzan bizi egiten gara. Gure hizkuntzetan pentsatzen dugu, komunikatu egiten gara, baita erlazionatu ere. Horregatik itzultzen gara beti jatorrizko hizkuntzetara, etxera bueltatzen garen bezalaxe.

Espainolak seiehun milioi pertsona baino gehiagorekin batzen gaitu; ideiak, balioak, giza loturak partekatzen ditugu haiekin, baita mundu honetan egoteko modua eta ikusmoldea eraikitzeko erabiltzen dugun kultura ezagutza ere. Horregatik da gure kanpo politikaren lehentasunetako bat espainiera sustatzea, gure nortasun nazionalaren osagarria delako. Eta arrazoi beragatik, gure identitate nazionalaren parte direlako, ezinbestekoa da katalana, euskara eta galegoa Europar Batasuneko hizkuntza ofizial izatea.

Hogei milioi espainiarretik gora, gure herrialdearen % 40, hainbat hizkuntza koofizial dituzten autonomia-erkidegoetan bizi dira. Katalanez, euskaraz, galegoz ere, izan bagara espainiarrok, antolatu egiten gara, kanpora proiektatu, elkar ezagutzen dugu eta elkarrekin bizi gara. Hori da Espainiaren errealitatea, horrelakoxea baita gure Konstituzioan jasota geratu zen gure herrialdearen nortasuna. Hitzaurrean dioenez “Espainiako herritar eta herrialde guztiak babesteko borondatea izanen du, giza eskubideak, haien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak gauzatzerako orduan”, eta 3. artikuluan berresten duenez “Espainiako hizkuntza-modalitate desberdinen aberastasuna kultura-ondarea da, tentuz errespetatu eta babes tuko dena”. Gure nortasunaren aitortza garbia izanik, botere publikoentzako agindua ere bada.

Beraz, gure hizkuntzak babestea eta sustatzea betebeharra da Espainiako Gobernuarentzat, konstituzioak agindutakoari zintzo erantzutea. Gauzak horrela, Gobernuak edo Kanpo Arazoetako ministroak gure nazio-nortasuna defendatzeak ez luke harrigarri izan behar, harritzekoa eta okerrekoa, Konstituzioaren aginduari jaramonik ez egitea litzateke. Gobernu honentzat gure hizkuntzak aitortzea ez da betebehar hutsa, ordea, uste osoz zaindu beharreko sinesmen erabat demokratikoa eta zibikoa baizik. Demokratikoa herritarrekiko, espainiar guztiekiko errespetutik abiatzen delako, diren bezalakoak direla, garen bezalakoak garela, eta eguneroko bizimoduan oinarrituta. Eta zibikoa, hain zuzen ere aberastasun linguistiko horren gainean eraiki dugulako gure bizikidetza, nortasun pluralaren aitorpenean askea den benetako Espainian.

Konbikzio horretatik abiatuta ekin genion Europan katalana, euskara eta galegoa ofizialtzeko bideari. Bide ukaezina da, ezin diogulako uko egin gure nortasun nazionalari; bide atzeraezina, une koiuntural batetik harago doalako. Ezin da Espainia gobernatu hogei milioitik gora espainiarrei eta Espainiako Konstituzioari bizkarra emanda.

Gainera, Europar Batasunaren Tratatuak berak ere argi babesten du helburu hori, 3.3 artikuluan jasotzen duenez “Batasunak errespetatu egingo du bere kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren aberastasuna”, eta 4. artikuluan ezarrita dagoelako Batasunak errespetatu egin behar duela estatu kideen nazio-nortasuna. Nolanahi ere, erabakia politikoa da; izan ere, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 342. artikuluak adierazten duenez, “Kontseiluak finkatuko du Batasuneko hizkuntza-araubidea, aho batez onartutako erregelamendu bidez”. Helburu legitimoa da, hitzartutako itunekin bat datorrena eta gure bazkideentzat inolako kezkarik eragin beharko ez lukeena, izan ere, hainbat irizpide ezarri baititugu, halakorik nahi ez duen Estatuarentzat aurrekari izatea eragotziko dutenak; Espainiak bere gain hartuko ditu hiru hizkuntzen kostu guztiak, eta txosten juridiko sendo batekin argi utzi dugu Europako araudiarekin bat datorrela. Espainiak ezbairik gabe errespetatzen eta babesten du EBko estatu kide guztien nazio-nortasuna, eta gurearekiko errespetu eta babes bera espero dugu Europako gure kideen aldetik.

Ofizialtasunerako bidea elkarrekin egin behar dugu; alderdi politiko eta talde parlamentario guztiok bultzatu eta sustatu behar dugu Espainian eta Europan. Bat eginda, gure nortasun nazionalaren harrotasunetik, aurrera egin behar dugu gure Konstituzioaren defentsan.

Hamar milioi europarretik gora dira katalanez hitz egiten dutenak, Europar Batasuneko beste hizkuntza ofizial batzuk baino askoz hiztun gehiago, alegia. Hiru milioi europarrek hitz egiten dute galizieraz, eta ia milioi batek euskaraz. Europa indartsu bat eraiki nahi badugu, herritarren Europa tentuz zaintzen jakin beharko dugu. Katalana euren eguneroko jardunean erabiltzen duten Lleidako enpresaburuak edo langileak merezi dute, noski, beraien hizkuntza Europako hizkuntza ofiziala izatea. Gure seme-alaben etorkizuna eraikitzera goizero eskolara joaten den Lalingo maistrak, merezi du bere ama hizkuntza Europan ofiziala izatea. Betidanik euskaraz hitz egin duen Zumaiako familiak ere, mereziko ez du ba bere hizkuntza Europan ofiziala izatea. Katalana, galiziera eta euskara Europako hizkuntza ofizialen artean behar ditugu, hogei milioi europar baino gehiago bizi direlako hizkuntza horiek hitz egiten diren lurraldeetan, gure hizkuntza horiek guztiak muin-muinean europarrak direlako eta, Europako historia eta literatura ezin konpreni daitezkeelako Cervantes gabe, ez eta Salvador Espriu, Rosalia de Castro eta Bernardo Atxaga gabe ere. Hasi gara bidea egiten eta ez dago atzera bueltarik. Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroa