Edo itzalita. Oporretan, “itzalita” moduan egotera heltzea gustatzen zait. Eginbeharrik gabeko estadiora, alegia. Ez zait erraza egiten. Izan ere, lehenbiziko astean beti egoten da azken unean agendari lotzen zaion ezusteko edo konpromisoren bat. Eta buruan ere beti dago, bueltaka, itxi gabe utzitako lan edo kezkaren bat.

Off modu desiratu horretara heltzeko, eginbeharrez gain zer pentsatua ematen duten gauzez eta gaiez ere askatzen saiatzen naiz. Bakea amesten, alegia, nahiz eta ondotxo jakin, desira bat baizik ezin dela izan.

Eta orduan konturatzen zara, zu off modurako bidean zauden horretan, badela aldamenean mundu paralelo bat, zure off egoera profitatzen duena bere on egoera saltzeko. Izugarri neketsua zaidana, bide batez esanda. Hondartzen ikusten duzu influencer bat, mugikorrari hizketan egin ezinik eta olatuen kontra lanean. Ikusten duzu baita ere pantaila handiko izarren bat, terrazan jarrita, argazkilari pertsonalari irribarreka. Futbolari ezagun bat jatetxe batean sinadurak eskaintzen eta datorren denboraldiari buruz egiten dizkioten galderei erantzuten. Edo eta zure herriko festei buruz hitz egiteko pantaila txikira ekarri dituzten antzezleak beren burua ezin salduta. Udarako dauzkaten planak kontatzen eta aurkeztuko duten hurrengo lanaren berri eman ezinda.

Zein arrotzak egiten zaizkizun… Eta zein artifizial… Beraien bizitzak, dinot. Eta promozio lan etengabean ibili beharrak zein neketsua izan behar duen pentsatzen duzu. Bitartean, oraindik, zu off modura heldu gabe.

Urtean pare bat astez komunikabiderik eta sare sozialik gabe egoteko aukera izan beharko genuke. Dekretu bidez. Guztiok off. Barnera begiratzeko aukerarekin bakarrik. Bestela, besteen bizitzak sartzen zaizkigu gurean. Eta oporrak gureak direla sentitzen dugu, baina besteen sartu-irtenekin.

Ezin ukatu, besteen sartu-irten horiek gure bake, lasaitasun, eta off egoteko premiaren eta moduaren kontra datozela. Batez ere, ezer ere ez esateko sartzen direnean gure bizitzetan.