Amets gaizto bat izan dut. Kontatu eta gogoratu nahi ez den horietakoa. Asko maite dudan norbaiti zerbait oso latza gertatzen zitzaion. Arindua sentitu dut esnatzean, dena amets bat baino ez zela konturatzean. Ametsak gure zaurgarritasunaz ohartarazi dit. Nahikoa da minutu batzuetan arnasarik hartu ezin izatea, nahikoa da gure barneko zelulak jolasean hastea, nahikoa da zer edan edo janik ez izatea, nahikoa da kolpe latz bat… Batek pentsa dezake ezin dela horrela bizi, etengabe pentsatuz uneren batean zerbait larria gerta dakizukeela. Baina ondo dator noizean behin horretaz pentsatzea, ez beldurrak gure egunerokoa geldiarazteko, baizik eta bizitako egun bakoitza garaipen baten modura sentitu ahal izateko. Eta horrez gain, bizi garen lekuaren arabera, zaurgarriago izan gaitezkeela gogoratzeko.
Hala, gure zaurgarritasuna buruan, egunkarian irakurri dut Gazako emakumeei buruzko erreportaje bat. Hilekoa nola bizi duten deskribatzen du. Ur garbirik, xaboirik, konpresarik eta pribatutasunik gabe, askok hilekoa antsietate eta isolamendu iturri gisa deskribatzen du. Nazio Batuen arabera, 700.000 emakume eta neska inguruk du hilekoa Gazan, bonbardaketen artean bizi dira haietako asko, errefuxiatuen kanpaleku zikin eta jendez gainezka daudenetan gehienak.
Gosea eta indarkeria inposatzeaz gain, gudak pribatutasuna eta duintasuna lapurtu die. Bizitzaren odola heriotzaren odolarekin nahasi du gudak eta hileroko ohiko ekintza bat, amets gaizto bihurtu du. Erreportajean neska batek dio hilekoa duen bakoitzean, mutiko izatea desiratzen duela. Gudetan ere, emakume eta neskatoen jasaten dituzte egoera latzenak.
Amets gaizto bat izan dut. Arindua sentitu dut esnatzean, dena amets bat baino ez zela konturatzean. Munduko leku askotan, baina, amets gaiztoa ez da amets, errealitatea baizik, eta ez da heltzen inoiz esnatzeko unea. Kasu hauetan mundua baita esnatu behar dena. Gu esnatu ahala, atera ahal izango direlako besteak bizi dituzten amets gaiztoetatik.