Gazteen artean drogen eta alkoholaren kontsumoari buruzko azken azterlan baten arabera, nerabeak orain lehen baino gutxiago edaten dute eta gutxiago drogatzen dira. Hau da datu orokorra, baina, aldi berean, ikerketak dio Euskadi dela nerabeen mozkorraldien rankingaren buru Estatu Espainiarrean.
Joan den astean, batzuentzat Gau beltza, beste batzuentzat Halloween izan den horretan, eszena benetan beldurgarriak ikusi nituen. Ez hildakoen edo banpiroen mozorroek eraginda, alkoholak intoxikaturik ikusi nituen gaztetxo mordoagatik baizik. Oso gazteak ziren, esango nuke 14 eta 15 urte bitartekoak. Botaka batzuk, beste batzuk lurrean botata, kontzientzia galduta… Anbulantziak ikusi nituen gaztetxoak artatzen, baten bat ospitalera eramaten.
Eta pentsatu nuen bi aurpegiko gizarte batean bizi garela, gizarte hipokrita bat, askotan begiak estaltzen dituena errealitatearen aurrean. Kezkaturik gabiltza gure seme-alaben dietak glutenik ba ote duen aztertzen, ingelesa ondo menperatu dezaten eskolaz kanpoko klaseetara apuntatzen ditugu, osasuntsu egoteko kirola egitera animatzen ditugu... baina gero babesgabe uzten ditugu, ez bakarrik alkoholaren aurrean, baita bereziki eremu digitaletik jasotzen duten zabor guztiaren aurrean. Iparrorratzik gabeko aisialdia eskaintzen diegu eta alkohola errito izatea baimendu.
Gaur hartan, 15 urteko nire alaba jaso nuenean, esan nion oso kezkatuta nengoela ikusitakoarekin, eta esan zidan, bere adineko neskek eta mutilek “presio sozialagatik” edaten dutela. Ez zaie edatea gustatzen, esan zidan, baina nabarmentzeko egiten dute.
Azken urteetan hainbat herritan ari dira Gau beltza errekuperatzen, jaia berrasmatzen eta gaur egun indartu nahi diren balore batzuetara egokitzen. Ez legoke gaizki gure nerabeen aisialdiari begira ere, eskaintzen dizkiegun aukerak berrasmatzea.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">