Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Rikardo Arregi

Sarajevokoa

SarajevokoaCONTACTO vía Europa Press

Gehienok (ez dut guztiok esango) hitzik gabe geratu gara dirudun batzuk Sarajevoko setiora sos askoren truke jendea ehizatzera, hiltzera joan zirela jakin dugunean. Jendea. Zibilak. Sarajevon bizi (edo) ziren setiatuak. Ehiztariak ez ziren soldaduak, ezta mertzenarioak ere, aberatsak ziren, eta bazuten dirua esperientzia hori (orain esaten den bezala) ordaintzeko, Sarajevo inguruko medietan egun batzuk pasatu eta handik ikusten zituzten inurriak akabatzeko.

Xehetasunak izugarriak dira, irakur daitekeenez, haurrak hiltzeagatik gehiago ordaindu behar omen zen, diru kopuruak erotzeko modukoak dira. Italiarrak omen ziren gizaki-ehiztariak, baina, orain agertu denaren arabera, espainiarrak ere baziren tartean. Leku gehiagoren berri izango dugu laster, zalantzarik ez. Fikzioetan askotan irakurri edo ikusi duguna begi aurrean gauzaturik ikusten ari gara; fikzioa kontuan hartzekoa da beti. Ez dakit, ondo pentsatuta ere, kontua harrigarriegia den, Gazakoa ikusi eta gero, sarraski berriek sarraski zaharrak gainditzeko joera dute, tamalez.

Gizaki-ehiztari horiek ez al zuten kontzientzarik, ez al zuten pentsatu gaizki zegoela egiten ari zirena? Dirua zuten, hori argi dago, eta dirua lixiba baino hobea da kontzientziak garbitzeko, antza. Haien izaera soziala, haien egoera sozioekonomikoan oinarri duena, aberatsak izatea alegia, erabakigarria izan da haien kontzientziak modu horretan eraikitzeko, marxismoak proposatu bezala? Edo gaiztoak dira berez, psikopatak, soziopatak, gaixoak edo nahi duzuena, besterik gabe, eta jendea hiltzeko pultsio edo irrika hori, dirurik gabe ere, beste era batean eramago lukete aurrera? Badakit arazo filosofiko larrien lurraldean sartzen ari naizela horrekin, barkatu. Nolanahi ere, argi dago dirua eragile primerakoa dela kapitalismoan.

Sarajevoko setioak 1992ko apirilaren 5etik 1996ko otsailaren 29ra iraun zuen: 10.000 lagun hil ziren bertan, zaurituak, 56.000. Orain badakigu nola hil zituzten batzuk. Non ibiliko dira gaur ehiztariak? Zeren oraintxe bertan nonbait ibiliko baitira.